Sanmartzial oroimendunen alde

Francisco Jose Ramada Estevez
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Aurten betetzen da V. mendeurrena Gaztelak, odol eta gar, Nafarroa konkistatu zuela eta independentzia indarrez harrapatu zigula; eta, gaur egun, 500 urteren ondoren, borrokan segitzen dugu. Halaber, aurten betetzen dira 490 urte San Martzial edo Aldabe mendiko (Gatzarrieta) bataila izan zela, Beltran kapitaina buru zuten Gaztelako tropen eta Urtubia eta Semper etxeen agindupeko tropa lapurtarren artean. 1522ko ekainaren 30eko batailaren oroimenez eraiki zuten San Martzial ermita, Beltran kapitainaren aginduz, zeina Espainiako Karlos V.a eta Alemaniako Karlos I.a erregearen zerbitzura baitzebilen.

Urte haietan, erasoaldi bati ekin zion Nafarroak, independentzia berreskuratzearren, zeina Gaztelak indarrez harrapatua baitzion Amaiurren, 1512an. Haren ondorio izan ziren: besteak beste, Amaiurko gaztelua berreskuratzea, 1521ean; Noaingo bataila; Behobiako gazteluaren konkista, zeinak ekarri baitzuen San martzialgo bataila, eta Hondarribia hartu eta setiatzea bi urte eta erdian, zeinetan parte hartu baitzuten Xabierko frantziskoren anaiek. Jasotarrek Hondarribiko herritar guztien babesa izan zuen, eta, beaumontarrekin batean, aurpegi eman zioten espainiarren setioari, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako tropek osaturikoari. Garai hartan, Espainiako tropek heriotza eta hondamendia baino ez zuten erein Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean. (...)

Zorionez, gure herriaren beste historia hori isiltasunaren kutxatik ateratzen jakin dute garaituek, behinola estatu independente bat izan baikenuen, Nafarroa, eta erakutsi dute gatazka hura ez zela espainiarren eta frantsesen artekoa, sinetsarazi nahi izan diguten bezala, baizik eta espainiarrek nafarren-lapurtarren kontra egindako borroka bat, zeinetan euskaldunak elkarren kontra borrokatu baitziren San Martzial mendian. Historiaren joanean ohikoa izan denez, Espainian 1936ko gerra zibila gertatu artean. Garai hartan, Nafarroak aliatuak bilatu behar izan zituen Frantzian, eta berriro ekin behar izan zion bere independentzia konkistatzeari, Espainiak indarrez harrapatua baitzion. (...)

Esana dudanez, ez da nire asmoa historian murgilean ibiltzea; bai, ordea, irundar guztiak gonbidatzea gogoeta bat egin dezaten Irungo Alardeaz, horixe baita nik gehienbat ezagutzen dudana. Abertzale gisa, kontzientzia arazo bat sorrarazten dit, eta horrek gogoeta eginarazi dit, ea zuzen jokatzen ari ote diren Espainiak euskaldun nafar-lapurtarren gainean izandako garaipena ospatuz, haiek gure independentzia berreskuratzearren borrokatu baitziren. Iseka halako batean parte hartzea iraingarri zaigu nafar askori, nafar gisa bainoago abertzale gisa, eta, iraganean bezala, Euskal Herriaren independentziaren alde borrokatzen ari gara orain, eta 1512-1522ra bitartean Amaiurren duela 500 urte baino gehiago erori zirenen testigantza jaso dugu. Alardearen edo Alardeen funtsa, mistoarena zein ofizial-betikoarena, Nafarroari egin laido haren adierazgarri da, eta, beraz, hutsegite deitoragarri bat.

(...) Gizarte eredu justuago eta berdintasunezkoago batean sinesten dugun emakume eta gizon abertzaleok, eta batik bat Euskal Herri independentea nahi dugunok, ez dakit ez ote genukeen berriro planteatu beharko Alardea bera, edo berriro formulatu beharko; eta ea merezi ote duen hainbesteko ahaleginek eta sakrifiziok, berriro ere hutsegite berbera egiteko, alegia, Espainiaren garaipen bat ospatzeko.

(...) Ene uste apalean, San Martzial jaietako Alardearen ezaugarriak berriro zehaztu behar dira. Ospakizun bat izan beharko luke, oinarritzat hartuta gorazarre egitea Aldabe-San Martzial mendian Nafarroaren alde bizia eman zuten gizonei. Hala, nafarren eta lapurtarren arteko konpainia mistoekin Alarde misto bat eraturik, Betikoa ahaztuko dugu, haiek beste jai bat eta gurea ez den gizarte eredu bat baitituzte ospakizun. Zergatik ez Hondarribiko Alardean ere, Hondarribiko 1524ko setioan Nafarroako independentziaren alde borrokan hil zirenen gogoangarri? Alarde horietan, irakurgai gogoangarri bat irakurriko litzateke, borrokalari haien omenez; era berean, Nafarroako bandera batek irekiko luke aurrerantzean Alardea edo Alardeak, Lapurdiko banderarekin batean. Alardea berriro formulatzeko ideia bat litzateke; bestela, betikoek egiten dutena egiteko, ez du merezi. Eztabaidatu dezagun, eta eman dezagun aurrerapauso bat Euskal Herria berriro batzeko bidean.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.