Raffaele Simone filosofo eta hizkuntzalari ezaguna da, batez ere Italian. Ez da «ez politikaria, ez politologoa», baina bai pentsalari bikaina. Oihartzun handia izan duen haren Munstro maitagarria gazteleraz argitaratu da berriki (Taurus, Madril, 2011). Eta bere diagnostikoa ezagutu eta ondorioak aintzat hartzea merezi du.
Ezkerraren kontzeptuak ba al du zentzurik gaur egun? Sineste sendo hori lausotu egin da, eta gain behera etorri da aspalditxo honetan mendebaldean. Ezkerraren helburu historiko handiak ez dira gauzatu, eta ez du ematen etorkizun hurbila moldatzeko gai denik. Europak, eta munduak berak neurri batean, eskuinera biratu du. Badirudi gure garaiko giro intelektual eta kulturalak berez daramala eskuin globalaren postulatuetara.
R. Simoneren epaia ezin ezkorragoa da: porrot ideologikoan finkaturik, iragana gainditu ezinik, identitate politiko barik, kontsumoak kutsatuta eta erabateko ikuspegirik gabe, ezkerrak diskurtso minimalistari eusten dio. Bere helburu eta aspirazioak gero eta apalagoak dira, bere idealak gero eta ezdeusagoak. «Europar ezkerraren liderrek ez dute proiektu handirik, ez dute analisirik, ez dute soluziorik, ez dute erantzunik ere eskaintzen».
Eskuineko alderdiak nagusi dira nonahi. Espainian, oraindik orain, gehiengo osoz irabazi ditu hauteskundeak alderdi kontserbadoreak. Egoera ezin kezkagarriagoa da. Mendebaldeko herrialderik inportantenetan, Obamaren kasuan izan ezik, ezkerrak utzi egin dio herritarren arazoei irtenbidea aurkitzeari. Garai berrietara egokitzeko egin dituen ahalegin guztiak ez dira nahikoa izan. Azken hogei urteotan, eredu sozialdemokrata indargabetuz joan da neoliberalismoaren eraginez.
Eskuina izan da XXI. mende hasierako benetako ustekabekoa politikaren eta kulturaren ikuspegitik: zoriona eta ongizatea agintzen dizkio mundu guztiari. «Neoeskuinak» aurrera egin badu ez da soilik arrazoi politikoengatik izan: eskuinaren proposamenak askoz erakargarriagoak zaizkio jendeari. «Berezkoagoak» dira kontsumismoaren kulturarekin. Atsegingarriagoak. Horixe da despotismo berriaren aurpegi irribarretsua.«Munstro maitagarria» deitzen dio Raffaele Simonek.
Mamu berri horrek, propaganda teknika berrien bitartez, moderno itxurak egiten ditu. Bereizketa ideologikoak zaharkituak daudela sinetsaraziz, hondamena ekarri die ezkerraren printzipioei. Neoeskuina atsegina eta trendy da; ezkerra, berriz, aspergarria eta out. Ezkerra «lekuz kanpo» dago gaurko mundu global eta artxikapitalistan, eta deseroso sentitzen da. Hori dela eta, desagertu egin dira haren jarraitzaile eta hautesleak. Galbidean dagoen espezie bat ote?
2008ko finantza krisiak ezustean harrapatu du ezkerra. Globalizazioaren ekaitzak jota, nora ezean dabil, diskurtso politiko berririk gabe, etsiak jota. Kapitalismo neoliberalari aurre egin ezinik, ahulduta ageri zaigu. Sindikatuak indarra galduz doaz. Ekonomiaren mundializazioak eta kapitalismoaren itxuraldaketak langile klasea desegiten ari dira. Gurea bezalako garai kontsumista batean ezkerraren idealak modaz pasatakoak dirudite. Mundua berez eskuindarra ote da?
Bigarren Mundu Gerraren ostean, Ongizatearen Estatuak gizarte aurrerapen itzela ekarri zuen, harik eta 80ko hamarkadan «iraultza kontserbadorea» (Thatcher, Reagan) iritsi zen arte. Garai hartan, asko ziren gobernu sozialdemokratak Europan (gaur lau besterik ez). Ilusio handiko aldia izan zen. Begien bistakoak dira sozialdemokraziaren lorpen historikoak —gizarte ongizatea, irakaskuntza publikoa, eskubide zibilak, langileen babesa, eta abar—. Ezkerrak hondoa jotzen ba du, «munstroak» irentsikodu Europa.
Lehenik, sozialismo komunistak egin zuen porrot; gero, sozialismo erreformistak huts egin du. Simoneren iritzian, «badaiteke sozialismoa hil izana, baina ezkerra ez.» Zer egin egoera etsigarri honen aurrean? Ezkertiarrek lan itzela dute esku artean: gaurko garaietarako esanahi berriak bilatu behar dituzte. Ezkerrak bere burua berrasmatu beharra dauka. Paradigma berrietatik abiatuta, etorkizuna eraiki.
Merkatu ekonomia garaile atera da, eta aberastasuna sortu badu ere, ez du gizarte zuzenik sortu. Eskuindarrak merkatuaren alde egon ohi dira, eta ezkertiarrak Estatuaren alde. Justizia egiteko ezinda kontatu merkatuarekin: Estatua da merkatua arautu behar duena, guztiek aukera berdintasuna izan dezaten. Estatuaren beharra dugu saldu ezin denaz arduratzeko, hots, funtsezkoenaz.
Ezkertiarrak ezberdintasunaren aurkako borrokari ematen dio lehentasuna bere jokabide moralean eta ekintza politikoan. Eskuindarra, berriz, ezberdintasunak desegitea ezinezkoa delakoan dago. Gizarte desberdintasun gehienak ezabagarriak direla uste du ezkerrak. Eskuina, ostera, diferentziak naturalak direlakoan dago.
Sozialismo tradizionala gain behera etorri da, bai. Baina hark botatako erronkak iraun egiten du: merkatuak bakarrik ezin ditu injustiziak konpondu. Tradizio totalitario eta dogmatikoa zeharo arbuiatuta ere, justiziaren eta arrazoiaren printzipioetan finkatutako mundu berri baten ametsak iraun egiten du.
«Ezkerraren idealek» bizirik diraute oraindik ere: askatasunaren, berdintasunaren eta senidetasunaren printzipioek ez dute inola ere gaurkotasunik galdu. Demokrazian eta giza eskubideetan sakontzea izango da, aurrerantzean ere, sozialismoaren egitekoa.
Injustiziarik den bitartean, ezkerrak badu etorkizunik. Eraiki egindaiteke. «Oso eginkizun zaila da, baina, ez bazaio ekiten, patua idatzia dago. Oso gutxi da geratzen den denbora.» Larritasunez beterik amaitzen da R. Simoneren saiakera.
Sozialismoaren hondamendia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu