Duela urte batzuk toki publiko batzuetan erretzea debekatuta zegoen, eskola eta osasun zentroetan, adibidez. 2011.urtean Espainian tabakoaren lege berri bat ezarri da. Horrek toki publiko guztietan erretzea debekatzen du. Eztabaida handia piztu zen erretzaile eta ez erretzaileen artean, tabernetan debekatzeagatik. Lege horren aldekoek eta aurkakoek hainbat arrazoi ematen dituzte haien jarrera defendatzeko, nire ustez, arrazoi garrantzitsuena osasuna kontuan hartzen duena da; horregatik, guztiz ados nago lege hau indarrean jarri delako.
Lehenik eta behin, jakin beharra dago legea indarrean jarri aurretik hainbat eztabaida egon zirela tabernen negozioa zela eta. Lege hori ezarri baino lehen pentsatzen zen taberna eta jatetxeen negozioa asko jaitsiko zela, bezero kopurua gutxituko zelako; izan ere, bezero asko erretzaileak ziren. Baina INEk egindako inkesta batean ikus daiteke bezeroen kopurua %5 igo dela. Gainera, tabernari askok baieztatzen dute lege honekin familia gehiago joaten direla tabernetara.
Bestalde, lege horrek erretzaileei lagun diezaieke tabakoa gutxika-gutxika uzten. Argi dago, neguan, erretzaileak toki publikotik atera beharko direla erretzeko; hortaz, lehen baino denbora gehiago egongo dira erre gabe, denbora konturatu gabe pasatuko zaielako eta beste gauza batzuetan pentsatzen egongo direlako, ez soilik zigarro bat erretzean. Ondorioz, zigarro kopurua gutxituko dute.
Horren haritik, badugu beste datu garrantzitsu bat Fedifarrek (Federacion de Distribuidores Farmaceuticos) egindako inkesten arabera. 2010. urteko urtarrilarekin konparatuz, 2011ko urrian %806 zigarro elektroniko gehiago saldu egin dira; errezetatutako botiken salmentak %145,6ko igoera izan du; azkenik, partxe eta txikleen salmenta %39,9 igo egin da. Ikus dezakegunez, erretzaile askok tabakoa uzteko hainbat bide bilatu ditu, haien artean laguntza profesionalera jotzea hautatuz —errezetatutako botiken salmentaren igoeran erreparatuz—.
Dakigunez, tabakoak osasunari kalte egiten dio, eta neuri gai hori oso garrantzitsua iruditzen zait; horregatik, lege horren bidez pertsona askoren osasuna hobetuko dela uste dut. Izan ere, lege hori ezarri baino lehen, erretzailea ez zen jendea, toki publikoren batean zegoenean, kea arnasten zuen, eta horren ondorioz, birikak kaltetzen zitzaizkion, nahiz eta haiek erretzaileak ez izan. Hori ikusi eta gero, argi dago lege horren bidez, erretzaileak ez diren pertsonak errespetatzen direla, haien osasunean eragin positiboa edukiz.
Dena den, askoren ustez, lege hau beranduegi ezarri da; izan ere, legea jarri aurretik, taberna eta jatetxe askok obra egin zuten haien lokalean bi eremu jarriz, erretzaileen eremua eta ez-erretzaileen eremua. Suposa dezakegunez, obra hau egiten diru asko gastatu zuten, eta, legea ezarritakoan, egindako obra desegin behar izan dute, orain ezertarako balio ez duelako.
Ondorio gisa ikus dezaket tabakoaren legearen aurka daudenek, gehienbat, argudio ekonomikoak erabiltzen dituztela, eta legearen alde daudenek, aldiz, osasuna kontuan hartzen dutela. Nire ustez, bi argudio horiek balantza batean jarrita, osasunaren argudioa garrantzitsuena da, tabernetako zerbitzariengan eta bezeroengan eragina duelako, zer esanik ez, erretzaileak direnengan. Izan ere, erretzaile askok, baita tabernari askok ere, baieztatzen dute legea ezarri aurretik baino askoz gutxiago erretzen dutela. Zerbitzariek ez dute denbora askorik erretzeko, lan egin behar dutelako. Gainera, INEk egindako inkestaren arabera eta denbora pasatu ondoren, lehenago uste zena ekonomiari buruz, ez da bete, uste baino galera ekonomiko gutxiago gertatu delako. Esandako guztiagatik, tabakoaren legea guztiz egokia iruditzen zait.
Tabakoaren legea egokia da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu