Turismoa indartzea, guztion zeregina

Roke Akizu
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Uda honetan, marka guztiak hautsi ditu Gipuzkoak turisten etorrerari dagokionez. Hala aurreratu ziguten ostalariek eta bestelako eragile turistikoek: aurten iaz baino turista gehiago etorri da gurera, bai Estatutik bai atzerritik ere. Eta hala berretsi dute bai Eustateko inkestak, bai eragile turistikoek emandako datuek.

Hoteletako okupazio maila %90,45era iritsi da abuztuan, hoteletako patronalak emandako datuen arabera. Hori horrela, Euskadiko altuena izan da. Okupazioak marka historikoak hautsi ditu Donostian, Bidasoan eta Gipuzkoako kostako gainerako herrietan. Horrek erakusten du Gipuzkoa dela, Euskal Herritik, eskari altuena izaten jarraitzen duena. Eta erakusten du, baita ere, jendeak Gipuzkoa ezagutzeko interesa eta irrika duela, krisia eta prezio garestiak alde batera utzita, leku oso erakargarria delako, beste hainbat leku masifikatuk eskaintzen ez dutena eskaintzen duelako: berezitasuna. Irailean ere, amaiera aldeko informazioa falta zaigun arren, emaitza bikainak izan ditugu. Eta Convention Bureauk gure lurraldera etorri diren biltzarkideen kopuruari buruz eman dituen datuen arabera, 2012an, orain arte, 2011ko aldi berean baino %21 gehiago etorri dira.

Ezin ukatu klimatologia gurera etortzeko erabakian eragiten duen faktore garrantzitsua denik, batez ere Estatuko turisten kasuan, albistegietako iragarpen meteorologikoen mende egoten baita askotan hautua, eta are gehiago gaur egun, leku batera edo bestera bidaiatzeko erabakia, teknologia berriei esker, azken ordukoa izan daitekeenean. Aldiz, nazioarteko turistek epe luzeagoarekin planifikatzen dituzte bidaiak, eta, beraz, eguraldiak eragin txikiagoa du horiengan.

Aurtengo otsaila azken 80 urteetako hilabeterik hotzenen artean bosgarrena izan zen (10 egunetan izozteak eta 5 egunetan elurra); horrek eragin zuen bisitari kopurua izugarri erortzea, %17 hain zuzen. Eta apirila, Aste Santua, blai-blai eginda igaro dugu (28 egun euritan); turista kopurua %8 jaitsi da 2011ko apirilari dagokionez. Abuztua eta iraila, aldiz, apartak izan dira, eguraldi bikaina egin baitu, eta horrek bisitari kopurua izugarri handitzea ekarri du, errekor historikora iritsiz.

Aurrerapauso handiak eman ditugu turismoa uda garaira mugatu ez baizik eta urte osora zabaltzeari dagokionez. Duela gutxi arte ezin pentsatuzkoa zen Gipuzkoak 60.000 edo 75.000 bisitari jasotzea martxoan, apirilean, maiatzean eta gisako hilabeteetan. Gaur egun, edozein hilabetetako asteko edozein egunetan aurki ditzakegu gure hiri eta herrietan bisitariak, batez ere, atzerritarrak. Eta atzerritarrak dira gurera bisitan etortzen diren turisten ia %50.

Eskaintza eta harrera hobetzeko egindako lana ere bikaina izan da, Donostia Turismoari esker, Foru Aldundiak koordinatzen dituen eskualdeko turismo agentziei esker, Eusko Jaurlaritzari esker eta, batez ere, sektore pribatuari esker. Lehen, pintxoak dastatu eta paseatzeaz gain, ez zegoen aukera handirik; gaur egun, museo sare zabala dugu, eta esperientzia erakargarriz jositako eskaintza, turistek gurean egiten duten egonaldia mamitsuagoa izan eta, horrela, egonaldia luzatu ahal izateko.

Hori guztia garrantzitsua da, geroz eta hobeto saltzen baitira esperientziak, hunkiarazteko ahalmena, begi ninian gordeta geratzen zaigun hori, gertukoei irrikaz kontatzen diegun esperientzia garrantzitsu hori. Destinoa edo lekua soilik baino hobeto. Eta horri dagokionez, Gipuzkoaren eskaintza oso zabala da. Euskadik eskaintzen dituen 37 TOP esperientzietatik 12 Gipuzkoan bakarrik kokatzen dira. Eta beste dozena bat esperientzia beste lurraldeekin partekatzen ditugu.

Bisitan datozenei planak eskaintzeko ahalmen horrek eta aurten mugarri izan den Zinemaldiak, Jazzaldiak, Beldurrezko Zinemaren Asteak, Musika Hamabostaldiak, Donostia Gastronomikak eta era horretakoek nahiz eskualdeek garatzen dituzten ekintzek edota etorkizunean Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak lagunduko dute faktore klimatologikoak geroz eta eragin txikiagoa izan dezan gurera etortzeko erabakia hartzerakoan.

Beraz, Gipuzkoaren eskaintza indartzen ari da. Geroz eta erakargarriagoak gara. Izan ere, oporretarako leku gisa gure lurraldea hautatzen jarraitzen dute, baiatzerritarrek, bai eta, lau langiletik bat langabezian eduki arren, Estatutik datozenek ere.

Lanean jarraitu behar dugu, turismoak jarrai dezan gure ekonomiaren parte izaten, edo partaidetza hori areagotu dezan —gaur egun, gure Lurraldearen BPGaren %7,2—, Bizkaiaren eta Arabaren aurretik oso. Eusko Jaurlaritzak —Gernikako Estatutuaren arabera hari baitagozkio eskumen horiek— ikuspegi zabalagoa eduki beharko luke gai honen inguruan, herrialde osoko ikuspegia, eta ez luke lurraldeen arteko lehia —nire ustez, absurdoa— biziagotu behar. Gipuzkoako eragile publiko nahiz pribatuen artean sentsazioa dago Basquetour-en ahalegin gehienak Bizkaira zuzentzen direla. Bizkaian kokatu zen, azkenik, turismoaren sustapenerako erakunde publiko horren egoitza, Donostian kokatu beharrean —jarduera honen pisua handiagoa izan arren gure Lurraldean—. Eta Gipuzkoa izanik, gainera, eta Eusko Jaurlaritzak berak aitortzen duen bezala, kudeaketa turistikoan eredugarri den eskualdekako antolaketa ezarri duena.

Foru Aldundiak orain arte bezala laguntzen jarraituko du, eskualdeko turismo agentziekin eta Donostia Turismorekin lankidetzan, esperientzia berriak sustatuz eta hurbileko merkatuko bisitariak erakartzearren lan eginez —hurbileneko merkatukoak, horietara bakarrik irits gaitezkeelako, Eusko Jaurlaritzari baitagokio kanpo sustapena—. Eta ostalariek eta harrera turismoko eragileek beren jardun onarekin jarraituko dute.

Sobera daude, beraz, polemika zentzugabeak eta turismoaren moduko gai sentibera baten politizazioa. Guztion arteko lankidetza zintzo eta leiala da bultzatu behar dena. Foru Aldunditik, beraz, eskua luzatu nahi diogu hauteskundeen ondoren eratuko den Eusko Jaurlaritza berriari, turismoak jarrai dezan izaten aberastasun eta enplegu iturri, bai Gipuzkoarentzat, bai Euskadirentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.