Joxe Manuel Odriozola.

Urkullu, inposizioaren aurka

2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Diputazioak euskararen inguruan hartu berri dituen zenbait neurriren harira adierazpen batzuk egin ditu Iñigo Urkulluk. Egunkarietan irakurri ditugun esaldi solteen artean, besteak beste, hauek erakarri dute nire arreta: «Nahiz eta euskara gure hizkuntza propioa izan, ez dugu sinesten inposizioan», «elkarbizitzaren aldeko hizkuntza-politika aldezten dugu».

Txepetx-ekin batera galde dezakegu nazio euskaldunaren jatorrizko eta berezko hizkuntza berriz ezartzeak zer duen inposiziotik. Norberak bere etxean edo nazioan inposatu ote dezake hizkuntzarik? Gurasoek inposatu egiten al dute beren hizkuntza etxean? Jatorrizko nazio linguistikoak inposatu ote dezake berea? Ondo bidean, ez dirudi. Aitzitik, inposizioaren terminoak inon lekurik eta zentzurik baldin badu, kontrako testuinguru batean du: hau da, inor besteren etxean edo nazioan indarrez sartu eta bere hizkuntza ezartzeari deitu behar genioke inposizioa ondo bidean. Hori agintzen digu senak. Baita zentzu demokratikoak ere.

Nork nori inposatzen dio euskara aurrez aurre Markel Olano eta kazetari erdalduna daudenean? Diputatu nagusi ohia bere esperientziatik honela mintzo zaigu: «Zergatik behartzen nau euskara ez dakienak erdaraz egitera? Profesional guztiek elebidun izan beharko lukete eta medioek jakin beharko lukete nire prentsaurrekoetara euskalduna bidali behar dutela» (Argia, 2012-10-07).

Markel Olano euskara inposatzen ari ote da Urkulluren ustez? Hala baldin bada, euskaldunon zorigaiztoak betikoan jarraituko du Euskadin ustez lehendakari izango dugunaren eskutik. Olanok ondo asko dioen bezala, inork inor behartzekotan, erdaldunak behartzen du euskalduna. Berezko herri-mintzaira hitz egiten duenak burua makurtu, bere giza duintasun eta eskubideak zapuztuta sentitu, eta beste hizkuntza batean mintzo zaionaren aurrean amore ematea ote da «elkarbizitza linguistikoa» Urkulluren iritziz? Zein aldetan dago hor inposizioa eta zein aldetan jarrera demokratikoa?

Urkulluk euskararen inposizioan sinesten ez baldin badu, de facto espainieraren inposizioan sinesten duela ondorioztatu beharko genuke, beraz. Ez baitago beste aukerarik. Markel Olanok ezin baldin badio kazetari erdaldunari euskaraz hitz egin, inposizioa delako, de fakto espainieraren inposizioa onartzen ari zaigu Urkullu. Gainera, egiazki gertatzen den espainieraren inposizio hori «bizikidetzaren» izenean zuritzen digu Urkulluk. Ideologia hegemoniko menderatzailearen mirabe da lehendakarigaia, berak besterik uste baldin badu ere.

Iñigo Urkullu, abertzale gehienek bezalatsu, nazio eta herritar euskaldunaren duintasuna eta eskubideak n-garren mailan jartzen dituen horietakoa bide dugu. Hegemoniaren zurrunbiloan galdutako euskalduna da, euskaldun izateak hegemoniatik deus ez duenean. Agintearen ardurak liluratzen du, euskaldun izatea lilura horren beste muturrean dagoenean. Bere nazioa ez da euskaraz bizi nahi duenaren nazioa. Aitzitik,gaurko herri arroztu hau du erreferente, espainieraz eratua eta artikulatua dagoen nazio-eredua, eta historian atzera begiratu gabe, espainoldua dagoen Euskadi gobernatzea du xede.

Nazio konkistatu eta kolonizatuetako agintari batek historian atzera begiratu gabe gobernatzen duenean, horrelako jarrerak nagusitzen dira: berezko herri-hizkuntzan bizi nahi izatea inposiziotzat jotzen da eta, aldiz, nazio zapaltzailearen hizkuntza zapaltzailean bizitzea legitimatu egiten da bizikidetzaren eta demokraziaren izenean. Jarrera hori errealismoaren eta zentzu komunaren izenean zuritzen du agintari alienatuak.

Jadanik, jatorrizko nazio-hizkuntza propioa ez da herritar gehienen mintzabide Euskal Herrian, eta historian barrena gertatu den nazio-okupazioaren bidegabekeria lazgarriak de fakto onartuz, gehiengoaren hegemonia linguistikoari men egiten dio Urkulluk. Etnozidioaren politikagehiengoaren izenean zuritzen du, bera gutxiengoaren sokakoa dela ahantzita. Gutxiengoa gehiengoaren interesen arabera gobernatu nahi du, oraingo gutxiengoa lehengo gehiengo eta lehengo gutxiengoa oraingo gehiengo zergatik bilakatu diren aztertu gabe. Ez du jakin nahi bere nazioari zer gertatu zaion. Dirudienez, oroimen historikorik gabeko lehendakari batek gobernatuko gaitu oraingoan ere.

Azken batean, abertzale gehienei gertatzen zaiena gertatzen zaio Urkulluri ere. Ez da salbuespena. Gehiengoaren hegemonia demokratikoa praktikatu nahi dute gutxiengo lotsagarrian eta umiliagarrian geratu den jatorrizko euskal nazio linguistikoaren duintasuna eta eskubideak zapuztuz. Gutxiengoaren praxi linguistiko euskaldunari inposizioaren itxura hartzen diote, eta espainieraz mintzo den gehiengoaren jarrera inor behartu gabe aldatu nahi dute. Jarrera soziolinguistiko horretatik espainolismoaren jarrerara dagoen aldea ezer askotarako balio ez duen jarrera sinboliko hutsa besterik ez da. Euskararen alde mintzo da batez besteko abertzalea, de facto nazio hegemoniko espainolaren edo frantsesaren hizkuntza etxeko daukanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.