Michael S. Gazzaniga gaur egungo pentsalaririk garrantzizkoenetakoa da. Neurozientzia kognitiboaren aitatzat hartu ohi da. Zientzia berri horrek gizakiaren gure ikuskera erabat aldatu du.
Lehendik ezagutzen genituen neurozientzialari estatubatuarraren Burmuin etikoa eta Zerk egiten gaitu gizatiar izeneko lan bikainak. Haien jarraipentzat jo daitekeen Zeinek agintzen du hemen liburuak ikusi du argia orain (¿Quién manda aquí?, Paidos, 2012). Gizakion aukeramena edo «libre albedrío» delakoa eztabaidan jartzen du bertan.
Baina aukeramenaren auziari heldu aurretik, giza burmuinaren berezitasunak azaltzen dizkigu Gazzanigak, hizkera ulerterrazean, zorrotz eta lañoki. Bi hemisferioen ezaugarriak zehazki aipatzen ditu (ezkerreko hemisferioaren interprete lana, esaterako). Konplexutasun harrigarrizko sarea da, oraintsu arte nahiko ezezaguna izan dena. Garunean ez du inork agintzen, ezin konta ahala modulu eta erabaki gunez osatua baitago.
Mende luzetan, espiritu/gorputza dualismoa onartu duen pentsaera judu-kristaua nagusituda mendebaldeko filosofian (Makinako fantasmaren mitoa deitu zion Gilbert Rylek bitan banaturiko pertsonaren ikusmolde horri). Descartes nabarmendu zen jarrera horretan. Enpiristentzat, gogoa (burua edo kontzientzia, alegia) paper zuria edo arbel hutsa bezalakoa zen (tamquam tabula rasa). Orain, neurozientziari esker,badakigu ez dela hutsik sortzen. Gaurko ikuskeratik, sistema biologiko konplexua da.
Giza natura, bada, tabu izan da oraintsu arte. Baina, azkenean, eboluzioaren eta biologiaren zientzia modernoek gezurtatu egin dute arbel hutsaren teoria. Guztia burmuinean dagoela erakutsi digu neurozientziak: gogoa, ideiak, hizkuntza, den-dena. Ez dago gogoa izeneko entitate ontologiko bat burmuinetik bereizia. Halere, gogoa burmuinetik bereizi ez badaiteke ere, ez dago horren ekintza funtzionalera murrizterik. Gogoak burmuina du euskarri, baina ez da burmuineko mekanismo fisikoetara mugatzen. Gazzanigak dioen bezala, burmuineko prozesu fisikoek sortu dute gogoa, baina horrek, bere aldetik, mugatu edo hertsatu egiten du garuna. Bien arteko eragin trukea dago.
Ez gara libreak. Ez fisikoki eta ez kimikoki. Unibertsoa aurrezarritako lege fisikoek zuzentzen duten moduan, gizakiok hartzen ditugun erabakiak ere aurrez zehaztuak daude. Zabaldua dagoen uste batek dio lege fisikoek determinatzen dutela gure bizitza eta ez garela, beraz, gure ekintzen erantzule. Aurrez «erabakitako» mundu batean bizi garenez, ez gara geure buruaren jabe. Ez daukagu hautatzeko askatasunik edo erabakimenik.
Gazzaniga ez dator bat determinismoaren ideia horrekin. Horrela balitz, hiltzaile batek zera esan dezake: «Ez nintzen ni hilketa egin zuena izan, nire burmuina izan zen.» Hala, inor ez litzateke bere ekintzen arduradun izango, ezta bere txarkerien erantzule ere. Gauza bat da aukeramenaren ideia zaharkitua eta, bestea, erantzukizunaren ideia. Bereizi egin behar dira kontzeptu biak.
Morala, gaur egun, objektu zientifikoa da. Hizkuntzaren antzera, moraltasuna ere genetikoki sustraiturik dago. Hitz egiteko gaitasuna jaiotzez dugun bezala, badugu moralki aritzeko gaitasuna ere. Biologiaren argitan, onartu beharra dago unibertsal etiko batzuen existentzia, sortzezko izaera duen «moral unibertsalaren» moduko zerbait. Printzipio moral unibertsal batzuekin jaiotzen gara.
Genetikak baldintzatzen gaituen arren, badugu erabakitzeko ahalmena: arau moral bat edo bestea proposa diezaiokegu geure buruari. Arau horiek ez dizkigu biologiak ezartzen. Determinismo biologiko guztien gainetik, gizakien askatasuna dago. Askatasun baldintzatua bai, baina, nahikoa gure bizitzaren protagonista izateko. Dena geneetan balego, etikak ez luke ezertarako balioko. Askatasuna eta erantzukizuna dira etikotasunaren kontzeptu espezifikoak.
Burmuinak ez du giza portaera determinatzen. Geneak erabakigarriak badira ere, gizakiak badu askatasun tarte bat (inurriek ez dutena). Giza espeziea apartekoa da horretan: «Kultura» da gizakiaren ohiz kanpoko ezaugarri nagusia. Gizakia da «animalia etiko» bakarra, hots, naturaren gainean arrazoitzeko gai den bakarra. Moraltasunaren printzipioa bere baitan daraman izakia da —dioKantek—, egin duena ondo edo gaizki dagoen galdetzen duena. Bestela esanda, arrazoitzen duen izaki bat da.
Garbi dago bulkada biologikoak ezin direla guztiz ezabatu. Baina, haien izaera ulertzen badugu, alderdi negatiboak alderdi positibo bihurtzen saia gaitezke. Animaliek ez bezala, gizakiak ez du soilik senez jokatzen, baizik eta senak gomendatzen diona zuzena edo bidegabea den galdetzen dio bere buruari. Horretan datza moraltasunaren muina.
«Betebeharraren oinarria ez da giza naturan bilatu behar», zioen Kantek. Moralak «oinarri neuronalak» dituen arren, naturak ez du etika determinatzen(pertsonak gara, ez burmuinak). Eboluzioak sen moralaz hornitu gaitu, baina etika gizaki kulturalaren emaitza da. «Garrantzizkoak dira bai natura eta bai heziketa», dio Gazzanigak.
Zientziaren aurrerapen ikusgarriek zera nabarmentzen dute: geu gara geure ekintzen jabe eta arduradun, nahiz eta fisika legeek erabat erabakitako mundu batean bizi. Determinismoaz aparte, norberaren erantzukizun eta askatasuna dago. «Legea geu gara», baieztatzen du Gazzanigak.
Gero eta gehiago dira giza burmuina hizpide edo aztergai duten saio lanak. Nire ustez, neurozientziaren berri jakin nahi duenak Gazzanigaren liburura jotzea du onena. Steven Pinkerrek dioen moduan, «egilearen ezaugarri diren soiltasun eta zorroztasunaz» idatzia dago.
Zeinek agintzen du hemen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu