Zenbait komunikabideren joera

Anjel Mari Peñagarikano Ricardo Gonzalez
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Denok dakigu ekonomia krisialdiak nola jipoitu gaituen azkenaldian. Badago, ordea, beste krisi mota bat, giza balore krisia alegia, profesionaltasun eza. Eta hau kirol arloan erabat hazi eta puztu egin da, eta arriskutsu bihurtu da. Bakoitzak bere astoari egiten dio arre, eta hau guztiz onartua izan da beti, baina zenbait egunkariren joera itsusiak gainezkatu egin du gure pertza, eta pazientziak ere jo du azken ertza.

Athletic eta Errealaren derbi bezperan honela zioen kazetari batek: «Adierazgarria da gaur Errealak bederatzi jokalari harrobikoak izatea. Bestaldean Aurtenetxe eta Amorebieta soilik izango dira harrobikoak. Beste guztiak beste harrobietan egindakoak dira. Llorente River Ebro eta Funesen ibilia da. Muniain Chantrean nabarmendu zen. Susaeta Eibarren hasi zen... honi harrobia deitzen diote».

Horrek ez digu loa galarazten, eta, gainera, oinarririk gabeko argudioak direla deritzogu. Inozokeriaren muga guztiak gainditzen ditu, eta errespetuari irain egin dio. Besteak beste, batzuk bakarrik aipatze arren, Susaeta, adibidez, 9 urte zituela hasi zen Lezaman, Llorente 11 urte zituela eta Muniain 12 urte zituela. Eta ez dituzue harrobikotzat hartzen? Orduan nola daiteke Cadamuro etxekotzat eta harrobikotzat hartu Errealera 20 urte zituela iritsi baldin bazen? (Egunkari baten datuen arabera). Esango dizuegu beste batean zenbat urterekin iritsi ziren beste batzuk. Eta Pardo harrobikoa da, eta Llorente ez, biak herri berekoak izanik?

Zuen buruak gutxiagotzat hartzen dituzuen irudia ematen duzue. Adierazpen horiek zer zentzu dute? Kazetaritzaren etikatik urrun daude. Athleticek bere bidea egin nahi du, bere balore eta mugekin. Ez du beste inorekin zertan parekaturik, eta ilusioa piztu nahi du zaleengan. Beti auzora begira dauden kazetariek bere oker eta erruak estali egin nahi dituzte besteei aitzakian. Hori bide motza da, adiskide.

Partidaren ondoren honela zioen beste kazetari batek: «Gol fantasma fantasmen lurraldean. Bilbotarra berez harroa da eta giputza isila eta xumea». Alde ederra zenuen esan izan bazenu «katedralaren pareko gola». Beste fintasun bat izango zenuen, beste dotoretasun bat. Topikorik zital eta itsusiena aukeratu zenuen, ordea. Bizkaitarra hitz gutxikoa eta ekintza handikoa dela esan omen zuen Cervantesek, lekutan utzi duzu gaixoa.

Beste adibide bat: Lara Arruabarrena tenislariari buruz honela zioen beste kazetari batek: «Lara bilbotarra balitz, ez zen giro izango A-8 bestaldeko harroputzekin». Esaldi ergel eta memelo hau ez onartzeaz gain, erabat lekuz kanpo dagoela iritzi diogu. Obsesioa, amorrua eta gorrotoa dario. Nondik nora dator hau? Alberto Berasategi zein zen badakizu? Zalantzarik gabe Euskal Herriko tenislari onena, eta onenetakoa estatu mailan. Ikusi bere garaipenak. Inork idatzi al zuen orduan halako lelokeriarik? Mesedez!

Lau giputz ginen derbi egunean, bi erreal zale eta bi athletic zale. Elkarrekin ikusi genuen partida, eta gero bizkaitar zaleekin bokatak jan eta elkarri adarra jo, naturaltasunik jatorrenean. Probintziakeria antzuak alde batera utzita, gauza guztien gainetik euskaldunak sentitzen gara, anaiak, eta derbian aurkariak, eta ez elkarren etsai. Denok sustrai bereko enbor sentitzen gara, eta badirudi anaitasun honek batzuei egon ezina eta ezin eramana sortzen diela. Bestela zertan zatozte ba holako umekeriekin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.