Jende asko harritu du Frantziako «zintzoek» korridari buruz hartutako erabakiak. Lehen ezustea korrida Frantziakoa dela aldarrikatzea izan da. Zezenzale izan gabe zezena hiltzen den korrida Espainiatik datorrela jakin badakigu, zehazkiago kritikak aspalditik eragiten dituen joko horren arauak XVIII. mendean Andaluzianfinkaturik izanak zirela. Bigarrenik, Okzitaniaeta Euskal Herriaren zatitxo batean ohitura den arren, ezin daiteke esan tradizioa Frantziako herrialde guztietan erroturik dagoela. Nire ustez, Kaskoinan, Baionan, Kamargaren inguruetan sustraitu da Espainiako korrida aspalditik herrialde horietan zezenketen ohiturak irauten duelako.
Konstituzioa zaintzen duten zintzoek dioskute korrida Karta Magnaren aurka ez dagoela. Badakit zuzenari dagozkion testuak, hauen artean konstituzioak, lerroen artean irakurri behar ditugula, puntu, hitz eta koma bakoitzaren pisua eta eragina baliatuz eta kontuan hartuz. Baina korridari buruzko argumentuak nondik atera dituzten benetan jakin nahi nuke. Abereri mina egiteari buruz zertxobait idatzita dago? Auskalo.
Korridaren kontrako legezko jarrerak izenpetu dira Kanaria uhartetan eta Katalunian. Lehenagoko artikulu batean idatzi nuenez, jatorri desberdinak ukan dituzte, nire ustetan, bi debeku horiek: abereen mintzearen kontra izatea herri bietan eta zio politikoengatik Katalunian. Gerla zibila amaituz geroztik, Espainia «Una grande y libre» zelarik, Hispanitatearen ikurra zen korrida, eta ikur hori ezarri behar zuten Espainiarrak izan nahi ez zuten herrialde periferikoetan. Ildo espainolista honi jarraituz, Donostian egiten zen La corrida del Caudillo. Orduan ez litzateke harrigarria laster Hegoaldean korridaren kontrako lege bat izatea.
Hendaiako Santiago zubitik eta Perthus lepotik iparralderantz ez du korriden debekatze horrek kutsu politikorik, baiziketa ekonomikoa. Bestazale askok pentsa dezake, hain zuzen ere, zer bilakatuko diren Baiona, Akize, Mendi Marzana, Tirosa, Vic Fezanzac, Nimes eta Arleko bestak korridarik gabe. Naski peñak, pilotariak, beste motatako zezenketak kantaldiak eta dantzaldiak geldituko dira. Baina galera ekonomiko batzuk izanen direnik ezin dezakegu uka.
Abereak noziarazten dituzten beste joko asko izan dira eta dira munduan: Karibeetako oilar borrokak, Extremaduran eliz torretik ahuntz bizi bat botatzen den joko basatia beste askoren artean. Baina dakidanez, ez da horien kontra jende asko altxatzen. Sarako festan, ahate jokoa egiten da irailaren bigarren astean; ahatea hanketatik zintzilikaturik dela, korrika datorkio zalduna eta ezpataz lepoa mozten dio; orain sokan jarri baino lehenago ehotzen da ahatea, baina lehenago ez.
Jokoa gelditzen da, baina haren basakeria gutxitu egin da gizakiaren arrazoinamenduari esker. Zergatik orduan zezena erail gabeko korridak edo zezenketak ez antola? Gizonaren eta zezenaren arteko harreman sakratuak berdin geratuko lirateke; biak borrokan izan arren, pentsamendua duen gizonak ez luke defentsarik eta erantzupenik gabeko zezena erailen; korridak eragiten duen jantzi eta kolorezko ikuskizuna aldatzeke geratuko litzateke eta abereen defendatzaileak lasaiago geratuko lirateke.
Zezenketak eta Frantzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu