Urte hasieratik euskal politikan gertatzen ari diren gauzen abiada ikaragarria da», esan zuen artikulu interesgarri batean Oscar Rodriguez Vaz euskal parlamentari sozialistak. Bat nator berarekin, eta pozik bizi dut egun hau, duela gutxi arte ez bainuen posible ikusten parlamentari sozialista batekin bat etorriko nintzen egunaren egunsentia. Eta «bitartekoa mezua baldin bada», Marshall McLuhanek zioen moduan, Rodriguezen artikuluaren argitalpen tokia dugu bere mezuaren adibiderik garbiena, non eta Gara-n «lortu» baitzuen argitaratzea. Parlamentari sozialista bat Gara-n orri osoa betetzen? Aldaketak iritsi dira, ez dago zalantzarik.
Bizitzen ari garen guztiaren gakoa planteatzen zuen ondoren Rodriguezek, galdetuz: «Ez al da beharrezkoa [ezker abertzalearen] apustu politiko berri hau apustu politiko-militar zaharrarekiko kritika batez laguntzea? Posible da Euskadin etorkizuna eta elkarbizitza bakean eraikitzea biolentzia politikoarekiko kritika etiko edo moralik gabe?». Bukaera aldera zetorren haren tesiaren laburpena: «Ezin da frankismoaren krimenekiko egia eta memoria aldarrikatu eta eskaera bera ukatu ETAren krimenei dagokienean».
Historia idazteko unean gaude, iritsi da ordua, eta horrek alderdi on bat dauka, eta alderdi txar bat. Ona: historia idazten ari gareneko, esan nahi du historiaren epe hori bukatutzat ematen dugula, eta ondorioak ateratzeko orena iritsi zaigula. Txarra: kontakizun ezberdinen arteko gatazka piztu liteke, eta hori bera oztopo bihur liteke zauriak ixteko. Alfredo Rubalcabak garbi esan du berriki: «No debemos admitir que ellos reescriban la historia, hay que dar la batalla». Hona bakearen definizio inperialista: bakea da nik nahi dudan historia idaztea.
Badaki Rubalcabak guk azkar ikasi behar genukeen zerbait: estatua dela historiaren legitimazioaren iturria eta bermea munduan, estatu kanpoko narratiba historikoak asmakizuntzat hartzen diren bitartean. Halere, ezin ukatu gauzak azkar ari direla aldatzen, begirada berri batez begiratzen diogula elkarri, eta gure kontakizunak, orain arte bakoitzaren arrazoi sektarioaren lubakian gotortuak zeudenak, airera atera direla, eta airean elkarrekin nahasten ari direla.
Albisteak etengabe datoz: PSEk Lasarteko Bilduko alkateari bidalitako mehatxu-gutuna gaitzetsi du, hori zer den ongi dakitela adieraziz, eskertu izango zuketela haiek ere ezker abertzalearen babesa bere garaian. Lohitzune Txarolak adierazi du laster Bildu ETAren biktimen aldeko ekitaldietara joaten hasiko dela. Ezker abertzaleak, uztailaren 9an berretsi zuen alderdi enparatuek eta gutako askok aspalditik genioena, borroka armatuak ez duela balio soberania lortzeko. Eta egun berean Gesto por la Paz elkartea izan zen estatuaren biolentziaz mintzo zena, mundua alderantziz zegoela zirudien une gogoangarrian, biolentzia hori jasan dutenekiko ezagutza eta onarpena bultzatuko dutela adieraziz. Ezker abertzalea ETAren biolentzia gaitzesten, Gesto estatuaren biolentzia gaitzesten…
Gertaeren narratiba arloan harrigarria da ematen ari den mezu trukaketa, aitzintxe etsaiak zirenen teorien nahasmena, elkar ulertzeko saioak, ikuspegi oso ezberdinen batuketa leuna, denontzat balioko duen kontakizun bat eskuratuko duena, agian.
Pasa den hilabetean ikastaro batean hartu dut parte, Euskal Herria, errealitatea eta utopia deitua. Ondoren Onda Ceron elkarrizketatu ninduten, eta esatariaren lehen galdera hau izan zen: «Zu non kokatzen zara, errealitatean ala utopian?». Bi kontzeptu horiek ez dira existitzen, ez elkarren kontrajarrian behintzat. Errealitatea ez da egonkorra, hori ederki formulatu zuten budistek: errealitatearen arau finko bakarra da aldakorra dela beti. «Inpermanentea» diote eurek. Errealitatea egin egiten da, aldatzen doa, eta denborak bihurtzen du irreala zena erreal, gure diagnostikoak eta ekintzak ongi bideratu baldin baditugu.
Eta erne «utopia» hitzarekin: botereak erabiltzen du aldaketak eragin nahi dituen jendeak aldaketa horien posibletasunean sinets ez dezan. Alde horretatik, zerbait utopikoa dela esatea iraingarria da, eta gizarteko botere hegemonikoek hitz hori zabaltzen badute gure asmoei buruz, bide onean goazela esan nahi du. Utopia ez da existitzen. Aski da historian zehar izan diren aldaketa politiko, kultural eta zientifikoak ikustea, utopia denborak sendatzen duen gaitza dela ohartzeko. Emakumeek txofertzea utopia zen Saudi Arabian. Makina batek dirua emango zizula utopia zen gure aitona-amonentzat.
Utopia denbora epe bat baino ez da, gure asmoek errealitate bihurtzeko behar dutena. Utopia da gauzak aldatzen emango dugun epe luze edo laburragoaren izena. Gero errealitate izango gara, geure proiektuekin, geure asmoekin. Baina gure ideiak, milaka eta milaka pertsonak partekatzen ditugunak, errealitate dira dagoeneko gure irudimenean. Pertsona batek bakarrik dauzkan ideiak amets dira, baina gizarte batek dauzkanak errealitate dira. Hori ezin da hautsi. Utopia erronka bat da, nahi duguna lortzeko gure tresna estrategikoak zorroztera garamatzana. Ongi etorri utopia, gure adimen soziala berpizten badu. Gure sen politikoa abiatzen eta aktibatzen badu.
Joxean Arbelaitzek esan zidan: «Heu haiz independentziaz hitz egiten duten bakarrenetakoa komunikabideetan». Entzun ongi: urtebete barru ia inor ez da egongo independentziaz mintzo ez denik, desegokia zaigula esateko bada ere. Hitzak haien garunean leku hartu duela frogatuko du, utopiak ez baitu inor kezkatzen, baina bai utopia hori errealitate bihurtzeko epea murrizten ari dela jakiteak, gorrotoak etorkizuna baldintzatuko ez duen aro berrian.
Zurea nire, nirea gure
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu