«Azkenean, inguruan ikusten dutena islatzen dute migratzaileek»

Ikerketak jarreraren inguruan emandako datuen gainean gogoetatu du; migratzaileen begirada, funtsean, beste askorenaren antzekoa dela uste du Martinez de Lunak. Propio haien beharrei erreparatzeko eskatu du.

RAUL BOGAJO / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun

Atzo bertan, Begiruneko ikertzaileek migratzaileen eta euskararen inguruan egin duten azterlanaren datuak jakinarazi eta gero, horiei buruzko gogoetak egin zituzten hainbat adituk. Soziolinguismoan zaildutako begiradatik, Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950) izan zen solaskideetako bat. Jarrerez mintzatu zen. Ikertzaileek, oro har, migratzaileek aldeko jarrera «epela» dutela esan bazuten ere, gizartean dagoena, oro har, oso bestelakoa ez dela uste du. «Eta bertakoek? Halako datuak, bertakoenekin alderatuta, oso-oso urruti ez lirateke egongo». Inkesta Soziolinguistikoan-eta ere, jarrera hizpide, aldeko iritziak gailentzen direla adierazi du, baina «kontrapisurik» gabeak diren heinean lortzen dutela atxikimendurik handiena.

Ezin da aparteko errealitate bati buruz hitz egin, beraz...

Azkenean, inguruan ikusten dutena islatzen dute migratzaileek. Hau da, euskara premiazkoa balitz, haiek ere horrela aipatuko lukete. Bertakoek ere bai. Baina errealitatea bestelakoa da, eta haiek errealitate horren irakurketa egiten dute. Esango nuke haien ikuspegia ez dela asko aldentzen hemen euskaltzale porrokatuak ez direnen ikuspegitik.

Euskararen minorizazio egoerak ere eragina izango du beraien begiradan, ezta?

Bai, noski. Hor, batetik, alde pragmatikoa dago. Euskarak balio badu, eta onurak ekartzen baditu, horren alde itsu-itsuan. Nortasuna eta identitea ere oso inportanteak dira. Etorkinen kasuan identitateak balio diezaieke euskaldunago izateko, baina kexuak ere entzun izan ditut euskaldundu diren etorkinen aldetik; hala ere, jarraitzen dugula etorkin gisa tratatzen.

Jarreretan zerk du eragina?

Etorkinak ingurune euskaldun batean txertatu badira, ingurune horretako izaera barneratu dute: horrekin bat egin dute. Aldiz, eremu erdaldunetan, euskarak presentzia ahula edo funtzio batzuetan presentziarik ez duten tokietan, euskara urrundik bizi dute: «Zertarako euskara?». Bai, begikotasunez begiratzen dute; ondo dago, atsegina da, interesgarria da... Baina, kito. Baina ingurune euskalduna eta euskaltzalea aurkitu dutenek, bat egiten dute, integratzen diren neurrian. Orduan, etorkinekiko erantzuna neurri handi-handian gugan dago: euskaldunengan.

Jarrera ona dute, bereziki, umeek euskara ikasteari buruz.

Etorkinek nahi dute bai beraiek bai beren seme-alabak bertako peto-petoak izatea, ahalik eta gehiena integratzea: diskriminazio aztarnarik ez izatea. Nahi dute seme-alabek euskara ikastea, euskararekin bat egitea, eta aukerak ikusten dituzte euskararen bitartez beraien seme-alabak hemen zoriontsuago izateko.

Esan duzu migratzaileak hizkuntzara erakartzeko balio etikoekin aritu behar dela. Nola eraman hori hizkuntza politikara?

Berdintasuna ez da justua; berdintasuna ahalmen edo aukera ezberdinak dituztenei aplikatzeak ez dauka zentzurik. Premia handienak dituztenei aukerak errazago, gehiago, hurbilago eskaini behar zaizkie. Baita euskararen kasuan ere.

Nola hurbildu euskara?

Ari gara etorkinez, baina galdera itzuliko nizuke. Nola hurbildu euskara bertakoak izanik euskaratik urrun bizi direnei? Uste dut errazagoa dela etorkinei aldeko mezuak helaraztea, hemen beti bizi izanagatik euskararekin interesik izan ez dutenei baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.