Tontorretik hurbil amildegian behera erori eta 23 urteko gazte bat hil zen atzo eguerdian Txindoki mendian (Gipuzkoa). 12:30 pasatxo zirela jaso zuen abisua Ertzaintzak, eta orduan jarri zituzten martxan erreskate lanak. Suhiltzaileak, anbulantziak eta Ertzaintzaren helikopteroa igorri zituzten. Ordu horretan, ordea, laino itxia zen Txindokin, eta airekoa ezin izan zen amildegi ingurura gerturatu. Hala, Nafarroako larrialdi zerbitzuarekin jarri zen harremanetan EAEkoa. Guardia Zibilaren helikopteroa bidali zuten, eta hark lortu zuen istripu lekura heltzea. 14:30 baziren ordurako. Medikuak baieztatu zuen ordurako hilda zegoela mendizale gaztea. Guardiako epailearen baimena jasota, ordu erdiren buruan atera zuten gorpua amildegitik, eta Iruñera eraman zuten. Donostian egitekoa zioten autopsia atzo. Beasaingoa (Gipuzkoa) zen hildako gaztea, eta 23 urte zeuzkan.
Txindokin ezbeharra gertatu zenean beste leku batean ari zen lanean Ertzaintzaren erreskate taldea. Leze inguruan, Asparrenen (Araba), eskalatzen ari zen andre bat erori egin zen. Iristeko leku zail batean geratu zen, zaurituta. Arratsaldean Zelatunen (Errezil, Gipuzkoa) izan zen beste ezbehar bat; mendian zebilen pertsona bat buruan jo zuen harri batek.
23 urteko mendizale bat hil da Txindokin, amildegi batetik behera erorita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu