Alex Txikon mendizale eta aizkolariaren espedizioak ez dira abentura arruntak izaten. Lemoarraren azken bidaiak, esaterako, alderdi ugari ukitu ditu:errepidea, abentura, adiskidetasuna, aizkora, elkartasuna eta, nola ez, mendia.
Furgoneta hartu eta Pakistanerainoko 12.000 kilometroak osatu zituen mendizale lemoarraren taldeak, Umpro etxearen sotenguarekin. Euskal kultura ezagutarazteko asmoz, bidean geldialditxoak egin zituzten, aizkora jokoari buruzko erakustaldiak egiteko. Helmugara iristean, Felix Baltistan fundazioari eman zioten furgoneta, eta abenturako azken lanari ekin zion Txikonek, ABCko taldekideek lagundurik: K2an bide berri bat irekitzea.
Gernikan abiatu zen abentura. Batzar Nagusietan agur beroa egin zieten lagun eta senideek, Seber Altube ikastolako ikasleekin batera. 1996. urteko Renault Space batean igo, eta bidaiari ekin zioten espedizioko bost kideek: Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolaria, Xabier Erro eskarmentu handiko mendizalea eta David Maeztu eta Eukeni Arriortua kamerariak.
Txikonek 2007an Katmandura eginiko bidaiaren ibilbide antzekoa egin zuten. Bidaia hartan eginiko lagunekin topatzeko astia izan dute, baita berriak egiteko ere. Hala ere, bidaiaz gozatzeko denbora gehiago izatea gustatu izango zitzaion. «Agian, oraingoan azkarregi egin dugu, jendea gero garaiz iritsi behar baitzen itzulerarako. Gogorra izan da bidaia», azaldu du mendizaleak. Orotara, hamabi herrialde zeharkatu dituzte helmugara iritsi arte; hamazazpi egunean, 12.000 kilometro. «Hurrengo bidaiarako gauzak lasaixeago hartuko ditugu», esan du.
Aizkorak eraman zituzten eurekin, bidean aizkora erakustaldiak egiteko. Helburua euskal kultura Europa eta Asian barrena ezagutaraztea zen. Ea hala egin dute. Austrian egin zuten lehen erakustaldia, Liezen herriranoko bidea jarraian egin ostean. Austriako herri hori ez zute halabeharrez aukeratu. Txikonen ABC taldeko kide Gerfried Goeschlen jaioterria da, eta hark antolatu zien erakustaldia. Denbora gutxi barru ziren berriro ere elkar ikustekoak ABC taldeko kideak.
Aurrera jarraitu eta Istanbuldik sartu ziren Asiara. Handik Iran zeharkatu zuten Pakistanera iristeko. Teheranen aizkora erakustaldia egiteko gogoarekin gelditu da Txikon, azkenean bertan behera utzi behar izan baitzuten ikuskizuna. «Oso arrakastatsua izango litzateke erakustaldia, herrialde polita eta jendea ikaragarria baita. Kirolzaleak dira oso, eta Euskal Herria ezagutzen dute futbol jokalarien bidez».
Aparteko arazorik ez duela izan aitortu du Txikonek, mugetako arazotxo burokratikoak salbu. Pakistango sarrera izan zen bidaiatik gogorrena. «Kilometro piloa generaman, eta, gainera, Pakistanera sartzean 50 graduko tenperaturak jasan genituen». Hango errepideen egoera ere ez zen hoberena, mendizalearen aburuz. «Lur orotako autoarekin gidatzeko bakarrik daude errepide horiek, ez atoidun furgoneta batean bidaiatzeko».
Kanpadendetan lo egiten zuten ahal zutenean; besteetan, berriz, lagunen etxeetan edo hoteletan. Pakistango egoera politikoa dela medio, ostatu hartzeko arazoak izan zituzten. Maiatz hasieran hil zuten herrialde hartan Bin Laden, eta ostalariak atzerritarrei ostatu ematearen beldur ziren. «Guztietan beteta zegoela esaten ziguten. Azkenean, kuarteletan soldaduekin batera lo egin behar izan genuen».
Pozik dago Txikon bidaian egindako erakusketekin eta furgoneta Felix Baltistan fundazioari emateagatik. Autoa emateko ekitaldiaz oroitzapen ona gordetzen du Txikonek. Skardun egin zuten, aizkora erakusketarekin batera. «4.000 lagun bildu ziren erakustaldia ikustera. Itzela izan zen. Inoiz ez ditut ikusi hainbeste zale zarataka», azaldu du aizkolariak. Egindako bi aizkora probek herritarren jakin-mina piztu dutela dio Txikonek. «Han ere basolan asko egiten dute, eta jakin-min handia zuten».
Felix Baltistan fundazioa
Horrenbeste kilometroren ondoren, furgoneta onik iritsi zen. Felix Iñurrategi zenaren omenez sortu zuten Felix Baltistan fundazioa, eta Hushe haraneko biztanleak lagundu asmo du. Ekarpen handia egin die 1996ko Renault Spaceak, geografian galdutako lurralde bat baita hura. Hango haurrek eskolara ailegatzeko erabiltzen dute ibilgailua. Halaber, osasun larrialdietarako ere erabili ahalko dute. Ospitalera garaiz ez ailegatzeagatik eragindako heriotzak saihestu ahal izango dituzte aurrerantzean.
Furgoneta fundazioari eman, eta aizkora pioletarekin aldatu zuen Txikonek. Bidaiaren bigarren zatian kilometroak gorantz egin zituen bizkaitarrak. Juan Ramon Madariaga, Jose Carlos Tamayo, ABC team taldeko Louis Rousseau, Gerfried Goeschl eta azken horren lagun Guenter Unterberger batu zitzaizkion Skardun. Gasherbrum I-eko (8.068 m) bidea hartu zuten, benetako erronkarako — K2an (8.611 m) bide berria irekitzea— altuerara egokitze aldera. Aurreko neguan saiatu ziren Txikon eta taldekideak G-Iera igotzen, baina, egoera klimatiko bortitzen ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten espedizioa. Udan, baina, egoera guztiz desberdina da, eta arazo handirik gabe egin zuten mendian gora.
G-Iera igo ostean, Madariaga eta Tamayo etxerantz bueltatu ziren. Gainontzekoak K2rako bidean jartzera zindoazela, G-IIra (8.035 m) igo behar zuten ezagun batzuekin topo egin eta haiei batzea erabaki zuten. «Kasualitate hutsa izan zen. Zamalariak ez ziren etortzen, eta beheko kanpalekuan geunden. Oso giro ona zegoen, jende gutxi eta ezagun asko. Azkenean, haiekin igotzea erabaki genuen», azaldu du Txikonek. Zaila egin zitzaion Txikoni gailurra zapaltzea, ekaitza baitzegoen egun hartan. «Pauso bakoitzean hortzak estutuz joan ginen». Karakorumeko bi mendi horietan ohi baino mendizale gutxiago ibili direla esan du mendizale bizkaitarrak. «Jende askok atzera egin du, egoera politikoaren beldur».
Benetako erronka
G-IIko gailurraren ostean, erronka nagusiari ekiteko ordua iritsi zitzaien. Laukotearen asmoa K2aren ekialdeko aurpegitik igotzea zen, inor sekula igo ez zen bide batetik. Halabeharrak, baina, ez zuen laukotearen alde egin.
Guenter Unterbergerek ezbeharra eduki zuen. Belauna hautsi, eta jaitsi egin behar izan zuen. Louis Rousseauk ere, nekatuta, beherako bidea hartu zuen. «Bi lagun bakarrik gelditu ginen, eta bide berria ez irekitzea erabaki genuen».
Euskaldunen bidetik abiatu zen orduan bikotea. Gorako bidea, baina, espero baina zailagoa egin zitzaien, «esaten zuten baino lan gutxiago zegoelako egina». Munduko mendirik bertikalena da K2, zailtasun handikoa.
Oraingoan 8.000 metrotara geratu zen lemoarra, 2004an eginiko saioan baino 1.000 metro inguru gorago. «Gaizki egin genuen: K2k eman zigun aukera igotzeko, baina lepora iristean gainontzekoei itxarotea erabaki genuen». Eguraldi txarrak ez zion utzi mendizaleari gailurra zapaltzen, eta bi egun 8.000 metrotan igaro ondoren, etxerako bidea hartu behar izan zuen.
Bereziak izan ohi dira Txikonen abenturak. Badituzte hainbat osagai beste espedizio batzuek izan ohi ez dituztenak. Bata bilatzen dituen helburuak eta horiek lortzeko era da. Espedizio komertzial mordotan parte hartu eta «asko gozatu» badu ere, Txikonek nahiago du talde txikietako espedizioetan abiatu. «Talde lana askoz garrantzitsuagoa da. Neguko igoeran hiru ginen, eta hirurak ginen titularrak. Bide berriak irekitzean, zailtasun teknikoko zati bat pasatu eta gero, bihotzak oraindik taupadaka segitzen du». Hala ere, Txikonek ez dio inori meriturik kendu nahi. «Garrantzitsuena lagunekin joatea eta gozatzea da».
Bestetik, Txikonen udako bidaiak beste berezitasun bat gordetzen du. Behingoz, tontorraz eta mendizaleez hitz egiteaz gain, hango biztanleez eta haien egoeraz gehiago jakin da. Furgoneta fundazioari emanez, une batez hango biztanleak protagonistak bilakatu ditu.
Jada hurrengo espedizioan du burua Txikonek. G-Ieko gailurrera igotzen saiatuko da, aurreko neguko arantza kentzeko asmoz.
Mendia. Alex Txikonen udako espedizioa
Aizkora, mendia eta elkartasuna
Gernikatik Pakistanera autoz, bidean aizkorari buruz erakusketak egin eta, bukatzeko, bi zortzimilakotara igo eta K2 arriskutsuan bide bat irekitzen saiatu. Alex Txikonen udako abenturak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu