Bederatzi lagun hil dira, Mont Blanc mendiguneko Mont Maudit mendian elur-jausi baten ondorioz. Alemaniako hiru herritar, Erresuma Batuko beste hiru, Espainiako bat, Herrialde Katalanetako bat eta Suitzako beste bat izan dira elur-jausiak azpian harrapatuta hil direnak.
Mont Blancera zihoan espedizioan hogeita zortzi lagunek hartzen zuten parte, eta lau milakoen ibilbidea egiten ari ziren. Chamonixeko PGHM Goi-Mendiko Jendarmeriaren arabera, espedizioan Frantziako eta Serbiako jendea ere bazihoan. Espedizio horretako 11 lagun zauritu dira,eta sorosleek denak eraman dituzte erietxera. Jendarmeriaren datuen arabera, bost lagun bakarrik irten dira onik elur-jausitik eta hasiera batean lau desagertu zeudela uste bazen ere, ezeztatu egin dute jendarmeek. Adierazi dutenez, hasieran espedizioan parte hartzeko asmoa zuten Espainiako bi lagunek azken unean bertan behera utzi zuten ibilaldia, eta beste bi mendizalek beste bide batetik joateko erabakia hartu zuten.
Elur-jausia goizaldeko bostak inguruan gertatu da, ordu erdi geroago zaurituetako batek ohartarazi duenaren arabera. Agintariek adierazi dute, une horretan 38 lagun zeudela Mont Blancen. Garai horretan, espedizioko kideak Mont Blancen ipar isurialdean zeuden, 4.000 metro inguru gora,eta elur-jausiak bereganatu egin ditu espredizio kideek ezarritako sokadak.
Eguraldiak ikerketa zaildu du
Chamonixeko alkate Eric Fournierren arabera, bezperako eguraldi iragarpenek ez zuten elur-jausirik izateko arriskurik aurreikusten. eta ez zeuden «ohikoak baino arrazoi gehiagorik» kezkatuta egoteko. Hala ere, «gune malkartsua» dela azaldu du eta eremu horretan izotz xafla handiak daudela kontuan izanda, elur-jausia «erraz» gerta daitekeela onartu du.
Meteo France agentziak herenegun haize zakarra ibiliko zela iragarri zuen, orduko 60 eta 70 kilometroko abiaduran. Bestalde, Philippe de Rumigny Savoia departamenduko prefetak adierazi du, azken egunetan elur asko egin duela, eta ondorengo tenperatura altuengatik posible dela elur geruza ahuldu izana. Rumignyren arabera, azken egunetan egindako elurra haize ufadek pilatuta zegoen, eta horrek berrogei zentimetroko zabalerako izotz xafla bat erorarazi du. Rumignyk esan du, posible dela elur-jausia horrek eragin izana. Hala ere, adierazi du ikerketak argituko dituela elur-jausiaren arrazoiak.
Manuel Valls Frantziako lehen ministroa ere Chamonixera joan da, eta hildakoen eta zaurituen familiei bere «tristura eta atsekabea» adierazi dizkie. Salbatzeko lanetan dabiltzan taldeei egindako lana eskertu die; bereziki, airez zein lurrez, hasieran ustez desagertuta zeuden lagunak bilatzen aritu direnei. Lan horietan, berrogeita hamar bat lagunek hartu dute parte. Chamonixeko jendarmeez gain, Italiako sorosleak ere aritu dira helikopteroen eta txakurren laguntzaz, baita borondatez agertutako hainbat herritar ere.
Vallsek desagertutako lau lagunak bilatzeko lanak gaur arte etetea erabaki zuen atzo arratsaldean. Tenperatura hotzak eta izotzak «zaildu» egiten dute desagertuak bilatzea, lehen ministroaren arabera, eta gaineratu zuen mendiak sarri ez dituela «bere biktimak itzultzen» ere. Horrez gain esan zuen, gertatua sentitzen duela, baina guztia aurreikustea «ezinezkoa» dela.
Mendi madarikatua
Mont Mauditeko bidea Mont Blancera iristeko gehien egiten denetako bat da Dôme du Goûterrekoarekin batera. Mont Mauditeko gailurra 4.345 metroko garaieran dago, Frantziaren eta Italiaren arteko mugan. Mont-Blanc de Tacul eta Mont-Blanc gailurrekin batera, hiru mendien bidea deiturikoa osatzen du. Salbatzeko lanen buru Patrice Ribes komandantearen arabera, arrisku handirik gabeko bidea da Mont Mauditekoa. Hala ere, Ribesek esan du mendiotan «ohikoa» dela elur-jausien arriskua uda garaian, tenperaturak igo egiten direlako.
Chamonixeko larrialdi zerbitzuek emandako datuen arabera, urtean batazbeste 40 lagun hiltzen dira Mont Blancera bidean. Atzoko elur-jausiak, eremu horretan inoiz izandako hildako kopururik handiena utzi du. 2008ko abuztuan gertatutako beste ezbehar batean, zortzi lagun hil ziren elur-jausiak azpian harrapatuta.
Bederatzi lagun hil dira Mont Blancen, elur-jausiak azpian harrapatuta
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak gaur arte eten ditu salbatzeko lanak, eguraldiagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu