Aspaldiko ametsa du Simone Morok Everest (8.848) eta Lhotse (8.516) mendien zeharkaldia oxigenorik gabe osatzea, eta datozen asteetan saiatuko da ametsa egia bihurtzen, beste behin. Ezustean iritsi zaio aukera. Everestera joateko baimena zuen Morok, baina lanera zihoan, Vittorio Brumotti lagunaren gidari. Azken orduan, ordea, Nepalgo agintariek ukatu egin diote Brumottiri Everestera joateko baimena, eta etxera itzuli da. Morok ez du alferrik galdu nahi izan espedizioa antolatzeko xahutu duten dirua, eta baimena baliatuta, B plana jarri du abian: Everest-Lhotse zeharkaldia.
Montagna.tv webguneari jakinarazi dio asmoen berri mendizaleak. Helburu jakinik gabe abiatu zen Khumbu ibarrera joan den astean, eta hara iritsitakoan baieztatu zion webguneari zeharkaldia osatzen saiatuko dela: «Ez nuen espero, baina azken asteetako prestaketa eta jarri dugun dirua eta azpiegitura ez ditut alferrik galduko. Everestera bide arruntetik igotzen saiatu beharrean, aspaldiko ametsa esnatu zait berriro: Everest-Lhotse zeharkaldia».
Beste hiru aldiz saiatu da Moro zeharkaldi hori osatzen. Anatoly Boukreevekin 1997an ahalegindu zen, eta Denis Urubkorekin, 2000. urtean. Moro eta Urubko Everest-Lhotse zeharkaldia osatzera itzuli ziren 2001ean ere, eta ahalegin betean zirela, Tom Moores mendizalearen erreskatean parte hartu eta zeharkaldiaren saioa bertan behera utzi zuten. Himalayako zortzimilakoetan egiteko dagoen erronka handienetako bat da zeharkaldia Mororen hitzetan.
Aurten, beste ahalegin bat egingo du. Everest mendira igotzen saiatuko da aurrena, Hans Peter eta Helmut Karbon anaiekin; hegoaldeko lepora jaitsiko litzateke handik, eta Lhotserako bideari ekingo lioke. Everest eta Lhotse mendien arteko ertzean Denis Urubkok 2010ean ireki zuen bidetik igotzea aztertzen ari da Moro. Lortuko balu, bide arruntetik jaitsiko litzateke beheko kanpalekura.
Mendia
Everest-Lhotse zeharkaldia, Mororen amets esnatua
Udaberrirako asmoak aldatu zaizkio Simone Morori, eta Everest eta Lhotse oxigenorik gabe lotzen saiatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu