Mendia. Walter Bonatti

Ezinezko ametsen egilea

2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Iragarpen baten modukoa izan zen. Alpeetako Dru mendiko mendebaldeko orratzean ireki zuen Walter Bonattik Alpeetako biderik dotore eta esanguratsuenetakoa, 1955eko abuztuan. Bonatti izena jarri zioten orratzari, alpinistaren ohoretan. 2005eko udan hautsi eta amildu zen pilarearen zati bat, eta, harekin batera, Bonattik zizelkatu zuen bidearen puska bat. Irailaren 11n beste lur-jausi batek zartatu zuen pilarea, eta handik bi egunera hartu zuen azken hatsa Walter Bonattik, Erromako etxean, 81 urterekin, amildutako erlaitz puskak eraman balu bezala.

Bergamon jaio zen Bonatti, Alpeen altzoan, eta mendikate hura izan zuen eskaladarako jolas eremu, nahiz eta arrastorik handiena K2 mendiaren lehenengo igoeraren aztarnek utzi zioten. Italiako espedizio batek 1954an konkistatu zuen K2, eta espedizio hartako kidea zen Bonatti. Gailurraren loria Lino Lacedellik eta Achille Compagnonik eraman zuten, baina garrantzi handia izan zuten Bonattik eta Hunza Mahdi pakistandarrak 8.100 metroraino igo zizkieten oxigeno botilek. Altuera horretan pasatu zuten gaua biek, Lacedelli eta Compagnoni ez zituztelako aurkitu aurreikusita zegoen lekuan. Itzulitakoan, Alpinismoaren historiako ika-mika handienetako baten sorburu izan zen gertaera hura: mende erdiz leporatu zioten Bonattiri loria bereganatzeko asmoz oxigenoa berak erabili izana, taldekideen eta Mahdiren bizia arriskuan jarriz. Hark dena ukatu zuen, eta gertaerak zehaztasunez kontatuz liburu bi idatzi zituen. Epaiketa bat irabazi ere irabazi zuen, baina 2008ra arte ez zion arrazoia onartu Italiako Club Alpinoak. Urte hartan itxi zen K2ko afera, hura gertatu eta 54 urtera.

Betiko arrastoa utzi zion gertaera hark Bonattiri. Apenas bueltatu zen Himalayara. Hori bai, Gasherbrum IV mendiaren lehenengo igoera osatu zuen, Carlo Maurirekin, 1958an. Alpeetan bai, bereak eta bi egin zituen Bonattik, eskaladaren estilo garbi bati fidel: horma bere baliabideekin igotzen saiatu zen beti. Grand Capucineko ekialdea, Freneyko erdiko pilarea, Jorasses Handietako Walker espoloiaren neguko lehenengo igoera, Whymper espoloian bide berria, Michel Vaucherrekin, Cervino mendiaren ipar horma, bakarrik eta neguan. 1950eko eta 60ko urteetan ireki zituen bideak erreferente ezinbesteko izan ziren hurrengo mendizale eta eskalatzaile belaunaldientzat.

Luma pioletaren ordez

Cervino mendiaren ipar horman egindakoa inoiz egin gabeko eskalada izan zen, baina baita Bonattiren eskalatzaile ibilbidearen azkena ere. Gaztea izanagatik, 35 urte zituen, botak, pioleta, soka eta motxila betiko alboratu, eta idazluma hartu zuen eskuan. Mendian bizitakoen lekukotza paperean utzi nahi zuen, eta hainbeste maite zuena irakurleekin partekatu. «Beti aplikatu dut mendian alpinista aitzindarien etika, eta, alpinismo garbiarekiko zaletasuna ulertzen dudan moduan, ezingo nuke inoiz Cervinon egindakoa gainditu eta hobetu. Gehienez, aurrez egindakoa errepikatzea litzateke, eta errepikatzea ongi dago, baina nik nahiago dut sortzea», azaldu izan zuen eskalada uztearen arrazoia.

Kazetari lanak egin zituen Epoca aldizkarirako, eta idatzi zituen erreportaje eta liburuek mendian ireki zituen bideek adinako arrastoa utzi dute. Ibilbide osoaren aitortza 2009an jaso zuen, Urrezko Pioleta eman zioten egunean.

Idazle bat hiltzen denean haren ondarea gelditzen da liburuetan. Bonattirekin ere antzera. Alpinista hil da, baina haren arrastoa irekitako bideetan eta idatzietan utzi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.