Orduko ehun kilometrotik gorako haize bolada indartsuak iragarri zizkieten Gasherbrum mendietako beheko kanpalekuan, eta iragarpenek bete-betean asmatu dute. Astelehenean eta, batez ere, asteartean indar handiz jo zuen Karakorum mendikatea haizeak, eta arrastoa utzi zuen Alex Txikon eta haren espediziokideek G-I mendian duten beheko kanpalekuan. Txikonen eta Carlos Suarezen dendak puskatu egin zituen haize indartsuak, eta baita sukaldetzat darabilten beste denda bat ere.
Gainera zetorkienaz jakitun ziren mendizaleak, eta urakan haizetik babesteko neurriak hartu zituzten. Dendak ahal bezain ongien finkatzen eta babesten saiatu ziren, sokak eta banbu makilak erabilita. Ez zen nahikoa izan, ordea.
Gaua gainean zela jo zuen indartsuen haizeak, 18:00 aldera. Ordurako iluna zegoen. Espediziokideak denda nagusian babesten saiatu ziren, baina haizea dendetan zuloak egin zituenez, horiek ahalik eta txikienak izan zitezen saiatu ziren. Zuloetatik elurra sartu zen dendetara, eta Txikonek jakinarazi duenez «ia dendatik kanpo lo egitearen parekoa izan da gaua».
Haizea ez da betierekoa
Asteazkena eta atzoko eguna kalteak konpontzeko baliatu zuten mendizaleek, eta eguraldiak baimena noiz eman zain daude 6.200 metrora jarria duten kanpalekura igo eta zer baldintzatan dagoen ikusteko. Mendizaleen nahia egunotako ekaitzaren ondorengo barealdia gailurrerako saio bat egiteko baliatzea zen, baina kanpaleku hori zer baldintzatan geratu den ikusi ondoren erabakiko dute zer egin.
Karakorumeko negua muturrekoa izanagatik, orduko 100 kilometroko haizeak ez dira egunero, eta eguraldi iragarleak eman die baikortasunerako berririk: «Otsaila bukaerarako eta martxo hasierarako eguraldi oneko tarte txiki bat omen dator. Ea baliatzerik dugun, pixkanaka negua aurrera doalako eta gero eta egun gutxiago falta direlako urtaroa bukatzeko». Nanga Parbatera eta K2ra joandako espedizioak etxera bueltatu dira dagoeneko, eta G-I mendian dauden bi taldeak dira neguan Karakorumen geratzen diren espedizio bakarrak.
Mendia
Haizeak kalteak eragin ditu G-Ieko beheko kanpalekuan
Alex Txikonen eta haren taldekideen dendak hautsi ditu oldarraldiak; eguraldia baretu zain daude, lanari berrekiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu