Antartika alderik alde zeharkatzearekin eta hego polora eraman zituen espedizioarekin nahiko izan ez bazuten, Mikel Zabalza, Juan Vallejo eta Alberto Iñurrategi beste proiektu batean murgildu dira jada: Himalaiako Nuptse mendia (7.861 m) hego hegaletik estilo alpinoan eskalatzea, hau da, soka finko, oxigeno gehigarri, altuerako kanpamentu eta zama-eramailerik gabe.
Khumbu eskualdean dago mendi hori, Nepalen, eta haren tontorrera iritsitakoak ez dira asko izan, are gutxiago hego hegaletik, eta estilo alpinoan igo denik ez dago egun. Joe Walmsey buru zuen britainiar espedizio bat izan zen gailurrera iristen lehena, Chris Bonington alpinista tartean zela, 1961ean, hego hegaletik. Ez ziren igo estilo alpinoan, baina garai hartan lorpen handienekotzat hartu zen igoera, eskaladak duen zailtasun teknikoari eta garaierari erreparatuta. Espedizio britainiarrak zabaldutako bidea ez da berriro ere erabili.
Valeri Babanov eta Juri Koxelenko alpinista errusiarrek egindako ahalegina da Nuptseren historian gordetako beste espedizio bat. Horiek ekialdeko tontorrera daraman hego-ekialdeko harroina eskalatu zuten 2003ko udazkenean, hirugarren ekinaldian.
Estilo alpinoan igotzeko hainbat saio egin dira, baina, bat azpimarratzekotan, Patrice Glairon Rapaz eta Stephane de Benoist mendizale frantsesek egindakoa amaitu zen tontorretik gertuen. Bide berri bat zabaldu zuten, 7.200 metroko garaierara iritsi eta britainiarren bideari jarraitzeko asmoz. Azkenean, 7.700 metrora iritsi ziren, gailurrerako metro gutxi falta zituztela: sekulako marka.
Guztira, sei aldiz lortu dute espedizioek Nuptseren tontorra zapaltzea. Bostek, iparraldeko hegaletik igota, eta bakarrak, hegoaldeko hegaletik. Vallejo, Iñurrategi eta Zabalza izango dira hego hegal horretatik gailurrera iristen saiatuko diren hurrengoak, orain arte lortu gabeko estiloan gainera, estilo alpinoan. Euskal mendizaleek oraindik ez dakite beste bide bat zabalduko duten edota zabaldutako bideren bat erabiliko duten, estilo alpinoan egiteko aukerarik ematen badu behintzat. Han daudela hartuko dute erabakia.
Munduko gailurretik, Everest-etik, hiru kilometro eskasera dago Nuptse mendia, eta bost tontor ditu. Mendebaldetik begiratuta, oso zorrotza da. Hegoaldetik begiratuta, berriz, Himalaiako harresi zirraragarrienetako bat du. «Nahiko pareta bertikala da, haitza eta izotza uztartzen dituena zati batzuetan, baina, batez ere, izotzean aritu beharrekoa. Zailtasunak ez dira muturrekoak izango, baina, mendiaren garaiera kontuan izanik, kontu handia eskatzen du», adierazi du Iñurrategik. «5.700 eta 6.800 metroko garaieren artean aurkituko dugu zailtasun tekniko gehien».
Bost kilometroko zabalera du horma erraldoiak, eta bi kilometro eta erdiko desnibela batez beste, eta bide batzuk finkatuak dituen arren, horietako bitatik lortu dute soilik gailurrera iristea. «Klimatologiaren baldintzak oso onak izatea ezinbestekoa izango da tontorrera iristeko», dio Vallejok.
Espedizioa Loiuko aireportutik abiatu zen, astelehenean, eta atzo Lukla hirira iritsi ziren. Handik, bost eguneko ibilaldia egingo dute, Khumbu trekking klasikoari jarraituz, Chukum herrira iritsi—4.600 metrotara dago— eta kanpamentu nagusia ezartzeko. Urriaren erdialdean ekingo diote Nuptseren hego hegaleko hormako igoera.
Bitartean, eta ekinaldian berme guztiak izateko, egokitzeko aldian ez dira geldirik egongo; inguruko mendien gailurretara igoera azkarrak egingo dituzte. Azaroaren 9rako itzultzeko asmoa dute.
Mendia. Naturgas BBK Nuptse 2012 Espedizioa
Hego hegaletik igo nahi dute Nuptsera, estilo alpinoan
Mikel Zabalza, Juan Vallejo eta Alberto Iñurrategi Nepalen daude jada, Nuptseren hego hegala estilo alpinoan eskalatzekoSei espedizio iritsi dira Nuptseren gailurrera; bakarra hego hegaletik, 1961ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu