Mendia

Joxe Takolo bekaren deialdia egin du Azpeitiko Udalak

Martxoan egin behar da eskaera, udaletxeko erregistroan; 4.200 euro emango dituzte mendiko jarduerak laguntzeko

2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Pertsona maitatua zen Azpeitian Joxe Urbieta Takolo, estimatua oso. Mendizale amorratua ere bai. 2000. urteko abuztuan hil zen, eta, haren omenez, Joxe Takolo beka antolatzea erabaki zuten Azpeitiko Udalak, Euskal Mendizale Federazioak (EMF) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, mendiko jarduerak laguntzeko asmoarekin. Aurten ere abian jarri dute egitasmoa, eta 4.200 euro banatuko dituzte saritan. Laguntza eskuratu nahi duten mendizale, talde eta elkarteek martxoan aurkeztu behar dute eskaria, Azpeitiko udaletxeko erregistroan.

Urteroko legean, mendizaletasunari lotutako proiektuak saritzea dute helburua bekaren bidez, eta proiektu horien originaltasuna da aintzat hartuko duten irizpideetako bat. Proiektuak aztertzeko epaimahai bat osatuko dute Azpeitiko Udaleko ordezkari batek, aldundiko beste batek, EMFko kide batek eta mendiko gaietan adituak diren zazpi lagunek. Haiek erabakiko dute nor saritu. Apirileko lehen hamabostaldian jakinaraziko dute epaia, eta bigarren hamabostaldian emango dute saria.

Bekari buruzko informazioa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute, baina 943-15 72 00 telefonora deituta edo EMFren webgunean eskura daiteke: www.emf-fvm.com.

Iazko beka, hutsik

Joxe Takoloren omenezko saria 2001ean antolatu zuten lehen aldiz. Orduko hartan, Pumori mendira joandako Urolaldeko mendizale talde batek jaso zuen saria. Xabier Ormazabal zenak, Elurretako Lehoinabarraren proiektuagatik, eta Leire Agirre eskalatzaileak ere jaso zuten laguntza hurrengo urteetan. Iaz hutsik utzi zuten beka, proiekturik ez zelako aurkeztu. Ez zen lehenengo aldia izan. 2006an ere banatzeke utzi zuten, orduko hartan jarduerek behar adinako mailarik ez zutela argudiatuta. Antolatzaileek ez lukete aurtengoan ere Joxe Takoloren omenezko beka hutsik utzi nahi. Mendizalearen izenak eta izanak merezi du halakorik.

2009an eta 2010ean banatu zuten saria azkenekoz. Lau proiekturen artean banatu zuten 2009koa, eta Patagoniara Mikel Ajuria, Gorka Barandiaran eta Arkaitz Iurrita gazteek egindako espedizioak jaso zuen 2010eko laguntza, Patagonia espedizioa Fitz Roy, Flush bidea eskalatuz proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.