Interesgarria dator Karakorumeko neguko denboraldia. Mendikate horretan daude hamalau zortzimilakoetatik bost, eta haietako laura inor ez da neguan igo: K2, Broad Peak, Gasherbrum I eta Nanga Parbat. Bost espedizio joango dira mendi haietara, eta Broad Peak ez beste mendietan izango da mugimendua. Haize bortitza, muturreko hotza —zeropetik 30 edo 40 graduko tenperaturak— eta logistika zailtasunak izango dituzte guztiek ere.
Aurreko neguan ireki zuten zirrikitua Karakorumen Morok, Urubkok eta Richardsek, Gasherbrum IIra igota. Mugarria izan zen hura, mendikate hartan neguan igotako lehenengo zortzimilakoa. Nanga Parbatera abiatuko dira orain Moro eta Urubko, Richards gabe. Nanga Parbaten ez dira bakarrik izango. Piotr Strzezysz buru duen Poloniako boskote bat ere hara joango da. Justice for all (justizia guztiontzat) izena jarri diote espedizioari, eta Strzezyszekin batera Marek Klonowski, Lukasz Biernacki, Tomasz Machiewicz eta Bartosz Malinowski dira taldekideak. Ez dira izen handiko alpinistak, baina bai Poloniako tradizioari fidel zaizkionak.
Gasherbrum I mendira iaz hasitako lana biribiltzera joango dira Alex Txikon eta Gerfried Goschl. Mendiaren hegoaldeko horman 6.700 metrora arte ireki zuten bidea iragan neguan, eta bide hori bukatu eta G-Iera igotzen aurrenak izan nahi dute. Nisar Hussein pakistandarrak, Darek Zaluski poloniarrak, Hahlen Cederic suitzarrak eta Carlos Suarez espainiarrak osatuko dute espedizioa. Poloniako beste talde bat ere joango da G-I mendira, Artur Hajzer beteranoa buru.
Errusiako talde bat saiatuko da K2 mendian. Neguan igotzeko dagoen harribitxirik preziatuena da K2, preziatuena eta zailena. Sobietar Batasunaren garaian garatutako estiloan joango dira: 16 laguneko talde handi eta astun batean. Haietako 9 dira alpinistak, eskarmentu handikoak guztiak ere. Talde lana izan dezakete K2ra igotzeko aukera ia bakarra.
Mendia. Neguko espedizioak
Karakorumeko negua, aspaldiko 'beroena'
Bost espedizio abiatuko dira datozen egunetan K2, Nanga Parbat eta G-I mendietara; neguan inor ez da igo oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu