Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendizaleek osatzen duten espedizioak Nuptsera (7.861 m) hego hegaletik igotzeko lehen ahalegina egin du, baina ez du arrakastarik izan.
Astelehenean lortu zuten 6.500 metro inguruko garaierara iristea, arroka, izotza eta elurra uztartzen dituen eskalada luze teknikoak gaindituz. 6.500 metrotan, bigarren kanpalekua jarri zuten, eta gaua bertan pasatu ostean, mendian gora jarraitu zuten. Asteartean, 7.100 metro inguruko garaierara iritsi ziren. Haitzezko pareta baten azpian jarri zuten hirugarren kanpalekua, eta paretaren zati batzuk ekipatzea lortu zuten, hurrengo egunean gailurrera iristeko, lehen ordu ilun eta hotzak errazteko asmoz.
Albiste txarrak jaso zituzten orduan. Hurrengo egunerako, orduko 70 kilometroko haize ufadak iragarri zituzten.
04:30ean ekin zioten Vallejok, Zabalzak eta Iñurrategik gailurrerako bideari, hirugarren kanpalekutik. Haizeak lehen momentutik okertu zizkien gauzak euskal mendizaleei, baina, mendiaren azken lepora iritsi arte ez zuten amore eman. Gailurrera daraman azken ertzaren aurretik dagoen lepoan konturatu ziren ezinezkoa zela gailurrera iristea. Jada 7.700 metroko garaieran zeudela hartu behar izan zuten beherako bidea. «Espero genuen baino egun gogorragoa izan da azkenean. Zailtasunak asko handitu dira. Haizeak oso gogor joko uela iragarri zuten, eta bete egin da, eta ez dugu inolako aukerarik izan. Lepora iritsi garenean argi ikusi dugu ez zegoela inolako modurik», adierazi zuen Vallejok, hirugarren kanpalekutik egindako irrati elkarrizketa batean, ahots urratuaz.
Sei ordu behar izan zituzten hirugarren kanpalekura itzultzeko. Jaitsiera motela eta gogorra izan zen. Hiru mendizaleak elkarri lotuta ekin zioten beherako bideari, eta haize ufada indartsuei aurre egin behar izan zieten. «Alde guztietatik iristen zaizkigu haize ufada indartsuak. Gero eta indar handiagoa dute», zioen Vallejok.
19:00etan iritsi ziren hirugarren kanpalekura eta ezin izan zuten ezer berotu, ezta hidratatu ere. Guztira, hamalau orduko jardunaldia izan zen asteazkenekoa, etenik gabe. «Ondo gaude, baina deshidratatuta; espero genuenbaino jardunaldi gogorragoa eta luzeagoa izan da», zioen Vallejok.
Espedizioko meteorologoak atzorako ere haize ufada gogorrak iragarri zituen, orduko 100 kilometro goizaldean, eta 70-80 kilometro arratsalderako.
Mendia. Nuptse 2012 espedizioa
Lehen saioa, hutsean
Vallejok, Zabalzak eta Iñurrategik bertan behera utzi dute Nuptsera igotzeko lehen ahalegina, haize indartsuengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu