Poza eta atsekabea, heriotza eta bizitza, tragedia eta zoriona. Gertu daude, gertuegi. Goi mendian hari fin eta irristakorrak orekatzen ditu, eta Karakorumgo neguaren baldintza muturrekoetan ustekabe, gertaera edo hutsegite txikienak hauts dezake oreka hori. Martxoaren 9an Gasherbrum I mendira (8.047) neguan igotzen lehenengoak izan ziren Adam Bielecki eta Janusz Golab poloniarrak. Egun hartan ikusi zituzten bizirik, azkenekoz, Alex Txikonen espediziokide Gerfried Goschl, Nisar Hussein eta Cedric Hahlen. G-I mendia igo nahi zuten haiek ere, hegoaldetik; poloniarren kontrako aldetik. Astea pasatu da, eta haien berririk ez dago. Itxaropenik ere ez. Gasherbrum I mendian azken egunetan bizitakoen bi aurpegiak dira.
Pakistanen 08:30ak zirela iritsi ziren G-Ieko tontorrera Bielecki eta Golab. Japoniarren couloir-etik igo ziren, mendiaren ohiko bidetik, iparraldetik.Zeru oskarbia, haizea eta hotza izan zituzten bidelagun. Zeropetik 50 graduko tenperatura tontorrean. Hozkailu muturrekoan argazkiak nola edo ahala atera, eta ziztu batean abiatu ziren behera. Egun hartan jaitsi ziren bigarren kanpalekuraino, eta larunbatean beheko kanpalekuraino. Iazko neguan Simone Morok, Denis Urubkok eta Cory Richardsek Gasherbrum II mendia igota ireki zuten Karakorumgo neguaren atea, eta ate horretatik ostiralean sartu ziren Bielecki eta Golab. Gaindiezina zirudien Karakorumgo neguan bigarren zirrikitua ireki zuten Bieleckyk eta Golabek.
Mendizaleen jatorria zehaztea ez da alferrikakoa. Neguko espedizioek inon tradiziorik izan badute, Polonian izan dute. Herrialde hartako mendizaleek parte hartu dute neguan igo diren 11 zortzimilakoetako bederatziren lehenengo igoeratan, eta tradizio horri jarraipena eman diote Bieleckik eta Golabek. Jerzy Kukuczkak, Krzystof Wielickik edo Maciej Berbekak 1980eko urteetan arrastoa utzi zuten Himalayan, eta haien iturritik edan dute belaunaldi gazteek. Bi garaien arteko lotura Artur Hazjer espedizioburuak irudikatu du; 1987ko neguan igo zuen Hazjerrek Annapurna, Kukuczkarekin.
Zer du erakargarritik, bada, neguak? Muturreko hotza, haizea, bakardadea, gogortasuna...mendizale gutxik ikusten diote erakargarritasunik. «40 edo 50 urte atzera egin, eta erroetara itzultzeko modua da, Himalaya bakarti eta basatira bueltatzea. Bi hitzetan, abentura eta esplorazioa», zioen Simone Morok orriotan.
Poloniarrak izan ziren aitzindariak, 1980ko urteetan. Wielicki eta Leszek Cichy izan ziren neguan 14 erraldoietako bat igotzen aurrenak. Erraldoietan erraldoiena igo zuten: Everest, 1980an. Haiek hasitako bidetik, Manaslu 1984an igo zuten Maciej Berbeka and Ryszard Gajewski poloniarrek; 1985ean, Cho Oyu Berbekak eta Maciej Pawlikowskik, eta urte hartan bertan Dhaulagiri Andrzej Czok eta Jerzy Kukuczkak. Kukuczka eta Wielickik Kangchenjunga eskalatu zuten 1986ko neguan; Annapurna Artur Hajzer eta Kukuczkak berak, 1987an, eta Lhotse Wielickik, 1988an. Bakarrik igo zuen azken hura, eta muturreko baldintzetara egokitzeko dohain apartak zituela berretsi. Haien eremua zuten Himalayako negua poloniarrek.
Hamazazpi urteko etena
Aro bat bukatu zen urte hartan. Nanga Parbaten, Makalun edo K2n saioak egin zituzten poloniarrek 1990eko urteetan, baina saio hutsalak izan ziren. Simone Moro italiarrak eta Piotr Morawski poloniarrak Shisha Pangma 2005ean igo zuten arte, 17 urteko etena gertatu zen. Eztabaida iturri izan zen Shisha Pangma urte hartan. Jean Christophe Lafaillek egun gutxi batzuk lehenago igo zuen, abenduaren 11n, negua ofizialki hasteke zegoela. Moro eta Morawski urtarrilaren 14an igo ziren. Haiei onartu zitzaien neguko lehenengo igoera, nahiz eta Lafaillek izan zituen baldintzak negu bete-betekoak ziren. Poloniar bat izan zen orduko hartan ere igotzaileen artean.
Hiru urte lehenago jarri zien amua Wielickik Poloniako Mendi Federazioko agintariei. «Himalayan erronkarik gelditzen ote den? Karakorumgo mendi bakar bat ere ez da neguan igo eta. Pentsa ezazue, hamalau zortzimilakoak neguan igo eta lehenengo igoera horietako bakoitzean Poloniako mendizaleak», bota zien erronka.
Halakorik ez da gertatuko. Poloniarren eremuan Simone Moro eta Denis Urubko agertu ziren, eta haiek igo zuten Nepalen kokatutako azken zortzimilakoa: Makalu, 2009an. Baina Wielickiren proposamenaren ondoren gorpuztu zuen Artur Hazjer beteranoak Polish Winter Himalaism 2010-2015 ekimena, Kukuczka fundazioaren laguntzarekin. Ordutik urtero antolatu dute espedizio bat, eta aurtengoa dute ekimena abiatu zutenetik lehenengo gailurra. Hiru zortzimilako falta dira neguan igotzeko, eta 2015a bitartean horietan ahalegintzeko asmoa dute poloniarrek: K2, Nanga Parbat eta Broad Peak.
Mendia. Neguko espedizioak
Poloniarren neguan itzala
Hiru mendizaleren ezbeharrak ilundu du Gasherbrum mendietan Adam Bielecki eta Janusz Golab poloniarrek egindakoa. Haiek izan dira Gasherbrum I mendira neguan igotzen aurrenak, Karakorumen igotako bigarren zortzimilakoa. Poloniarren neguko tradizioari jarraipena eman diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu