Izotz bizia dela eta, arriskutsu daude Pirinioak. Hala dio Euskal Mendizale Federazioko zuzendari tekniko Antxon Burciok. Elur gutxi dago garai honetarako, baina azken egun eta asteetako euriteek, muturreko tenperatura aldaketek eta haizete indartsuek elur geruza trinko eta izoztua bihurtu dute goi mendia. 2012. urteko lehenengo asteburuak gertuko mendizaleen istripu eta ezbeharrak utzi ditu, Jose Antonio Altuna nafarraren heriotza tartean. «Kontua ez da jendea beldurraraztea, Pirinioetan dauden baldintzak aintzat hartu eta izotzarekin kontuz ibil daitezela ohartaraztea baizik», azaldu du Burciok.
Pirinioetako egoera
Azken elurte handia abenduaren erdialdean bota zuen, eta ordutik elurte txiki batzuk baino ez dira izan. Hotz handiko eta haizete indartsuko egunak, berriz, makina bat izan dira, eta, ondorioz, mendien goiko aldean elur gogorra eta izotza daude. Kanaletan eta korridoreetan pilatu den elurra ere oso gogorra dago, eta arriskutsua gerta daiteke horietan barneratzea, behar bezalako prestaketarekin eta materialarekin joaten ez bada.
Pirinioetako bi isurialdeetako egoera antzekoa da; ipar aurpegietan elur gehiago dago pilatuta, baina han ere oso gogorra dago, eta sasoi honetarako ohi den baino gorago, 1.500-1.800 metrotik gora.
Izotzarekin kontuz
Izotz kristala izenekoarekin batez ere. «Haizeak izotzaren gainean pilatzen den elurra kendu egiten du. Eta, euria egin duenez eta tenperatura aldaketa handiak gertatu direnez, goi mendian elurra oso-oso gogorra dago; izotz bizia», ohartarazi du EMFko zuzendari teknikoak.
Neguan ohikoak izaten diren elur-jausietarako arriskua txikia da, elur gutxi dagoelako eta dagoena oso trinkotuta eta gogorra dagoelako. Azken asteetan gertatu diren ezbehar gehienak erorikoengatik gertatu dira. «Irrist egin eta kolpe gogor bat hartu dute mendizaleek, edo segurtasun arau oinarrizkoenei ez diete jaramonik egin, edo zorte txarra eduki dute». Eskarmentua eta esperientzia funtsezkoak dira mendian, baina edozein eror daiteke.
Aintzat hartzekoak
«Unean uneko baldintzetatik haratago, mendira neguan joango direla kontuan hartu behar dute mendizaleek. Elur gogorra dagoela aintzat hartuta, prestaketa tekniko egokiarekin joanez gero eta elurretan nahiz izotzean ibiltzeko kranpoiak eta pioletak behar bezala erabiltzen jakinez gero, elur bigunean ibiltzen baino gehiago goza daiteke mendian. Hori bai, ezinbestekoa da ibilbide egokiak aukeratzea eta materiala erabiltzen jakitea. «Arazoa izaten da jende asko mendi erakargarrienetara joaten dela, Bisaurinera esaterako, eta gertukoa eta ezaguna denez mendi erraza dela esateko eta pentsatzeko joera dagoela. Eta ez da mendi zaila, baina pendiz eta malda gogorrak ditu, eta horiek izoztuta daudenean erortzea larria izan daiteke, zuzenean eror baitaiteke mendizalea harkaitz amildegian behera. Kontua ez da beldurra eragin nahi izatea, baina bai argi ibiltzearen eta zentzuz jokatzearen garrantzia nabarmentzea».
Beharrezko materiala
Jantzi aldetik, norberak kapa beroa duten jantzi egokiak eraman behar ditu. Ezinbestekoa da kranpoiak eramatea eta mendira joan aurretik behar bezala botara egokitzea eta haiekin ibiltzen jakitea. Eta, noski, pioleta eraman behar da. «Irristatu eta eroriz gero gelditzeko mendizaleak duen aukera bakarra pioleta baliatzen jakitea da, eta, horretarako, teknikak jakin eta entrenatu behar dira. Oraingo gizartean dauden arazoetako bat prestaketarik eza da; erraza da material ona eskuratzea, kranpoirik eta pioletik onenak lortzea, baina erabiltzen jakin ezean, alferrik izango ditugu. Horretarako daude ikastaroak eta prestatzeko tailerrak. Eskarmenturik ez dutenek esperientzia duen mendizaleren batekin joatea dute onena», esan du Burciok.
Kaskoa eta ARVA
Pixkanaka bada ere, gero eta gehiago erabiltzen dira. Irristatuta izaten ari da jendea istripurik gehienak, eta buruan hartutako kolpeek dituzte ondoriorik larriena. «Eskaladarekin lotzen dugu kaskoa, baina neguan ez dago sobran. Bide arruntetatik oinez goazenean ere gomendagarria da. Mendiko eskiatzaileek eramaten dute, eta malda handiak dauden mendietara eraman behar da».ARVA elur-jausiak gertatzen direnerako tresnada, elurpean dagoena aurkitzeko baliagarria.
Mendi irteera etxetik irten aurretik prestatu behar dela ere gogorarazi du: «Eguraldi iragarpenak eta elur-jausi arriskuak etxean begiratu behar dira, eta ibilbideak horien arabera aukeratu eta moldatu. Etxean hasi eta bukatzen dira mendi irteerak. Istripu asko tontorretik beherako bidean gertatzen dira, mendira igo eta erlaxatu egiten garelako askotan, eta erlaxatu etxera iritsitakoan egin behar gara».
Egoera ez da aldatuko
Egun batzuetarako eguraldi iragarpena egitea abentura izaten da, baina Burciok uste du iazkoa errepika daitekeela. «Urtarrilean elur gutxi eta hotz handia egingo du. Pirinioetan presio altuko eta hotz handiko egunak datozkigula esango nuke». Tentu handiz ibili, beraz, izotzarekin.
Mendia. Segurtasuna
Tentuz izotzarekin
Pirinioetan gertatu diren istripuak ikusita, mendira kontu handiz eta prestaketa eta material egokiarekin joatearen garrantziaz ohartarazi du federazioko teknikari Antxon Burciok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu