Bira
A-20
Gaur beteko dira hogeita hamasei urte euskaldunen ametsik gaiztoenetako bat amaitu zela; izan ere, gaurko moduko egun batean hil zen Francisco Franco, askok nahi baino urte gehiago bizi ondoren. Diktaduraren amaieraren pozak ez zuen asko iraun. Badaezpadako trantsizio baten ostean demokrazia deitu zioten zera ilun bat eraiki zuten Espainian. Zera horrek torturak ahalbidetu ditu gaur arte, alderdiak legez kanpo uzteko aukera eman du eta legeak aldatu egin ditu Espainia kolokan jarri dutenak gehiago zigortzeko. Demokrazia izenean baino ez duen munstro horrek Francok hiltzen zituen moduan hil ditu hemen gatazka bat egon badagoela esatera joan zaizkionak, eta ez du inoiz onartu gatazka konpontzeko bide bakarra eseri eta hitz egitea denik. Eta hala, gaurko moduko egun batean, Josu Muguruza hil zuten Madrilen. Norbaitek nahiago izan zuen kongresura ez zedila inoiz heldu. 1989ko azaroaren 21ean Muguruza gabe osatu zituzten Madrileko kongresua eta senatua. Ez dut uste gaur Espainiako presidentetzarako lehiatzen ari diren alderdiei asko ardurako zienik. Beraz, gaurko eguna ez da atzokoaren biharamuna bakarrik. Gaur azaroaren 20a da, eta senak esaten dit, 2011ko azaroaren 21ean, Muguruzari eskuetan gelditu zitzaion mezua bere lekura helduko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu