Bira
Aberria
Aberriaren eguna da gaur. Bere berrian izen zaharkitua da aberria. Guk herria esan dugu beti: eta gure herria esaten dugunean, abertzaleok behintzat, Maule, Karrantza, Oion eta Tutera barruan hartzen dituen eremu geografikoaz ari gara. Nire iruditerian, bihotzean, buruan edo nahi duzuen lekuan, horixe da Euskal Herria, eta, gaur, Euskal Herri horren eguna izan dadin nahi nuke. Baina oraindik aldarrikapenen aroan gaude, eta inbidia ematen didate munduko beste herriek; batez ere, euren herriaren eguna ospatu egin dezaketenek. Gaur, Iruñeako manifestaziora joango naiz, herri hau nazio izatea nahi dudalako, eta ospatzeko baino gehiago egiteko daukagula konturatuko naiz. «Aspaldi, kolonialistak oraindik hemen bizi zirenean», esaten dutenen moduan hitz egin nahi nuke. Egunen batean, aberriaren edo herriaren egunean memoria ariketa egin nahi nuke: poliziek estu hartzen gintuzten sasoiak urrutitik ikusi, gure hizkuntzarekiko zelako jarrera izan duten garailearen irribarrez gogoratu. Aberriaz lehenengoz hitz egin zidatenak beste dimentsio batean daude orain, baina nahi nuke, nik inori esplikatu beharrik ez izatea eskolako liburuan agertzen dena ez dela Euskal Herria, espainiarrek asmatutako zerbait baizik. Egunen batean aberri eguna ospakizun egun hutsa izatea nahi nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu