Bira

Ahaztu

Onintza Enbeita
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Ez ahaztu alzheimerraz izan zen atzoko leloa, eta ni, nahi gabe, amama Klaraz gogoratu nintzen. Duela hogeita bost urte atzeman zioten gaitza, eta inork ez zigun garbi esplikatzen zer ari zitzaion gertatzen buruan. Egun batean diruak zertarako balio duen ahaztu zitzaion, eta gauza arraroak egiten hasi zen. Elizara eramaten genuen domeketan, eta meza osorik kantatzen zuen, baina nola gure izenak ahaztu egin zitzaizkion, ez zuen jakiten elizara norekin joaten zen esplikatzen. Gau batean hitz egiteko gogoa joan zitzaion, eta ez zigun berbarik egin sei urte luzez. Bere kabuz jateari eta edateari utzi zion, fardela ipini behar izan genion bere parteak ondo gordetzera ohituta zegoen emakume bati. Nortasun handiko emakume izandakoa sekulako karga izan zen guretzat bederatzi urte luzez: etxetik alde egiten zigun, eta inoiz ez zuen bueltarako bidea bere kabuz aurkitzen. Hurrengo sei urteetan presentzia soila izan zen, ohean geldi eta isilik. Begirada, berriz, non dagoen inoiz jakingo ez dugun mundu batean galduta. Alzheimerra krudela da: gaixoari guztia ahantzarazten dio, baina zaintzaileen memorian betiko gelditzen da. Ulertzen ez dudana da, halako gaixotasunak gero eta ohikoagoak diren gizarte honetan, heriotza duinerako aukera legezkoa ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.