Bira
Ahaztuta
Gaurko moduko egun batean aurkitu zituzten Gargelerako errepidean, Almerian. Auto barruan zeuden hiru lagunak, erreta. Guardia Zibilaren lehen bertsioaren arabera, etakideak ziren: hiru egun lehenago, Joakin Valenzuela jeneralaren kontrako atentatuan parte hartu zuten ekintzaileak. Izenak ere eman egin zituzten komunikabideek: Mazusta, Goienetxea eta Bereziartua. Baina, hildakoak beste batzuk izan ziren: Luis Montero Garcia, Luis Cobo Mier eta Juan Mañas Morales. Guardia Zibilak hil arte torturatu zituen; eta hil zituzten haiek hil nahi izan zituztenekin zerikusirik ez zutela ikusi zutenean, erre egin zituzten auto eta guzti. Horrela saiatu ziren tortura zantzuak gorpuetatik ezabatzen. Hiru gazte horien izenak biktimez ozenen hitz egiten duten kontakizunean falta dira, baina, seguru nago, egongo dela orduan egindakoa zergatik egin zuten ahaztu ez duenik. Hiru gazte hiltzea larria da, baina are larriagoa da hildakoak beste batzuk izan direla sinetsarazten saiatzea. Badirudi izen faltsuak eman zituztenentzat asko aldatuko zirela kontuak hildakoak Montero, Cobo eta Mañas izan beharrean, Mazusta, Goienetxea eta Bereziartua izan balira. Baina ez dakit larriagoa zer den: hiru errugabe hiltzea, ala erruduntzat jotzen dituzunek torturapean hiltzea merezi dutela pentsatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu