Bira
Akabo
Pronostiko guztien arabera, gaur mundua gelditu egingo da. Tira, mundua ez dakit, baina Bizkaia bai. Eta Bizkaia gelditzen bada, munduaren zati inportante bat geldituko da, ze arraio! Espainiako selekzioak munduko kopa irabazi zuenean Madrilgo kaleetan pilatu ziren jarraitzaileek pena eman zuten; Espainia lur jota, eta haiek futbol selekzioari agurka. Gu ez gara horrelakoak. Gurea zaletasuna da: inoiz ez dira UEFAko partida bat ikustera Manchesterrera mugitu ziren beste jarraitzaile mugitu. Gurea da zaletasuna, eta ez Bartzelonakoen edo Madrilgoen histeria. Guk Athletic bihotzean daramagu. Gaur inork ez du arazorik izango. Gaur mundua gelditu egingo da laurogeita hamar minutuan, eta, ondoren, ikusiko dugu ea martxan hasten den edo ez. Gure mutilen eskuetan dago gure etorkizuna; nesken taldea ere badute, baina ez dago konparaziorik. Egia da, bertoko jokalariak izanda, arraroa dela gehienek euskararik ez egitea, baina ereserkia euskaraz da, eta bizkaitar guztiek dakigu. Zelan ez bada, Athletic gure ikurra izanda. Gaur mundua gelditu egingo da; eta futbola kulero azpitik pasatzen bazait ere, ezingo dut ezer egin, mundu guztia partidari begira egongo delako. Baina, noski, arazoa nirea da: nik histeria kolektiboa ikusten dut beste guztiek zaletasuna ikusten duten lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu