Alberto Rodriguezek 76 urte zituen. Beharbada, ondoezik sentitu zen eta horregatik sartu zen ohera pijama jantzita. Beharbada, ikusi zuen heriotza etortzen, baina makalegi zegoen aldamenekoaren atea jotzeko edo telefonoa hartu eta larrialdietara deitzeko. Edo, beharbada, heriotza ikusi zuen etortzen, baina lotsagarriegia zitzaion aldameneko arrotzaren txirrina jotzea eta etsigarriegia telefonoz larrialdietara deitzea. Akaso, aspertuta zegoen bere bizimodu bakartiarekin, eta pilula saldoa irentsi, pijama jantzi eta ohean sartu zen heriotzaren zain. Edo, akaso, maite zuen bere bizimodu bakartia eta heriotzak ezustean harrapatu zuen, lozorro gozoan. Nolanahi ere, bakarrik hil zen Alberto Rodriguez, sorterritik urrun.
Bakarrik hil zen, baina, batik bat, bakarrik bizi zen. Pentsa daiteke politeziazko agurrez gaindi hartu-eman gutxi zuela ingurukoekin. «Edukatua eta atsegina da» esaten zutela hari buruz auzoek. Ez dakigu inoren gogoan iltzatuta dagoen; ez dugu jakingo inor ba ote zen haren gogoan iltzatuta.
1997an hil zen Alberto Rodriguez—espainiarra omen—, Lillen. Orain egun batzuk momifikatuta aurkitu dute bere ohean, kasualitatez, ur isuriak konpontzera joandako langile batzuek. Hiperkonektatuta bizi garen garaiotan, hedabide guztietan ikusi dugun albiste bitxi bat.
Bira
Albiste bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu