Onintza Enbeita
Bira

Ama II

2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Manifestazioetan ikusten nuenean, irribarre egiten nuen: Antepara etorri da, hasteko moduan gaude. Bere txikian ze indar zuen emakume hark, bere txikian ze hutsune handi biziko zuen seme txikia Donostian hil ziotenetik, bere txikian ze handia izan zen semea kartzelan izan zuen hogei urteetan erakutsitako duintasuna. Isil-isilik hil da Espainiako kartzela guztietan egona zen emakumea (hiru edo lautan izan ezik esaten zuen berak).

Sekulako barreak egin nituen elkarrizketa batean «ez dakite gu bistatik nola kendu» esan zuela irakurri nuenean. Berak jakin zuen ikusi nahi ez zutenei aurrez aurre begiratzen: zapia lepoan, Josuren argazkia eskuan, Iñakiren hutsunea indar bihurtuta barruan, tente beti. Azkenean, herri honi merezi baino taupada gehiago eman ondoren, gelditu egin da Blankaren bihotza.

Urbinako plaza ez da lehengoa izango. Lehen semeak utzitako hutsuneari amarena gehitu zaio, eta pentsatu nahi dut nonbait elkartuko zirela ama-semeak, eta ez dutela sekula gehiago elkar bistatik galduko. Lander Garrori irakurri nion atzo Euskal Herriko emakumerik ederrena joan dela. Bai; galanta izan da Blanka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.