Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Arrastoa

2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Ama edo aita aurreneko aldiz zahar xamar izan garenok badakigu zer den berekoikeriaren susmopean bizitzea: umerik ez duzun bitartean, hitz erdika bada ere, hainbatetan egozten dizute zeure buruaz baino ez axolatzea, eta, are, besteei, jendarteari, ekarpen baliotsurik ez egitea. Nonbait, guraso izatea da eskuzabaltasun adierazpen handiena, norbere buruaz ahaztu eta besteei eskaintzeko modu gorena; maitasunik desinteresatuena.

Baina irakurri diot Laurent Alexandre Dnavision bioteknologia enpresa handiko buruari arlo horretako hurrengo aurrerakuntza izango dela sexu bereko bikoteek gaur egun guraso erabateko izateko duten zailtasuna konpontzea: hots, lortzea bikoteko bi gizonezkoen edo bi emakumezkoen osagai genetikoak edukitzea haien umeak, orain arteko ugalketa teknikekin bikoteko kide baten geneak baino ez baititu jasotzen. Agidanez, arrasto genetikoa txertatzeak sentiarazten gaitu guraso erabateko, eta horretara bideratuta daude indarrak, ikerketak, industriak eta dirutzak.

Horrenbestez, beti bueltaka dabilkidan susmo bat indartu zait: guraso izateak, gehienetan, zerikusi gutxi duela eskuzabaltasun itsu eta maitasun desinteresatuarekin; aldiz, izugarri duela norbere burua betikotzeko sen (edo gene?) saihetsezin bezain berekoitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.