Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Askatasuna

2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Estu sumatu dut zinegotzia hartu duten azken neurriari buruzko azalpenak ematen: badaki ez dela herritarren gustukoa, botoak kentzen dituen horietakoa dela. Ez, ez da ari atez ateko zabor bilketa jarriko dutela edo zergak igoko dituztela iragartzen; bada, nonbait, herritarren bizi kalitatearentzat gauza okerragorik: radar bat! Radar bat jarriko ei dute umeak jolasean eta autoak bereziki azkar ibiltzen diren paraje batean, legeak ez ezik sen onak agintzen duen abiadura muga errespeta dadin. Urduri ari da, arrazoirik gabekoen ahotsaz. Irratitik salto egindako izerdi zipriztin batekin zikindu dit gosaritarako kafesnea.

Egia esateko, ulertzen dut zinegotziaren larritasuna. Edo, alderantziz, N-1ean, Irura eta Ordizia arteko radarrari isunak jartzeko gaitasuna ezabatu dioten Jaurlaritzako buruen lasaitasuna —gidarien laurdenek oraindik legea urratzen duten arren—. Izan ere, azkenaldiko protesta kexu handienak ez ditut entzun murrizketen, desjabetzeen eta legez kanporatzeen kontra, baizik eta autobideetako abiadura muga jaistearen aurka. Hura bai desobedientziarako deialdien emana! Askatasuna murriztu ei ziguten. Horixe bihurtu baitugu askatasuna: norbere autoan, ahalik eta handienean, ziztu bizian, ezinezko ihesa simulatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.