Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Askotarikoak

2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Askotariko esperientziak izatea marraztu zaigu zorion eta ezagutzarako bide; zenbat eta gehiago eta diferenteago, eta orduan eta aseago barrua, argiago burua. Bidaiatu egin behar da, ahalik eta gehien, ahalik eta urrunen—Hawaii eta Bombay egun berean ikusten baditugu, hobe, esperientzia gehiago pilatuta—, bestela zokora zigortuko dugu geure burua, motz eta gizarajo. Dastatu jatekoak, sukaldaritza eredu askotarikoak, ez mugatu betikoetara, probatu zapore berriak. Izan gaitezen irekiak eta eklektikoak musika kontuetan eta zabalak arropa kontuetan —zergatik ezkonduko dira bada gaizki ileko txurroak adiskidearen ezkontza zibilerako erosi dugun traje korbatadunarekin?—. Are, izan harremanak ahalik eta jende gehienarekin —osatu lagun talde luze-luzea Facebooken eta jarraitzaile sarda Twitterren—. Alegia, zabaldu gustuak berritasunera, desberdinera, askotarikora: laket gaitezen aniztasunean, kontsumi dezagun denetik.

Gainera, arlo guztietarako balio digu askotariko gustuaren printzipioak. Guztietarako, baterako izan ezik: gorputza da muga —hots, geure burua—. Gorputzak eredu estu eta bakarrekoak dira zilegi: garai, lirain, irmo eta gazteak; irrealak, eskuraezinak. Laket gaitezen gorputz iritsezinaren lanketan, kontsumi gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.