Bira
Astelehena
Gernikako astelehenak bereziak dira: batetik azoka egoten delako, eta bestetik, azokaren aitzakian tabernak ere bete egiten direlako eguerdian. Biharkoa gainera, astelehen bereziagoa izango da urriko azkena delako. Jendetza batuko da Gernikan, eta askok eramango ditu poltsikoak bero standetan generoa erosteko. Han egongo dira asteleheneroko baserritarrak merkatuko plazan, baina jendea ez da hara joaten. Haiek ez dute normalean baino gehiago salduko, nahiz eta standetan baino merkeago izan generoa. Taloa jateko ilaran egongo da jendea, eta azkenean asko ordainduta ere, talo onik ez du jango. Gazte askok ipiniko dute Bilboko dendaren batean erositako aldeanoen trajea. Aldeanoak. Baserritarren alaba naiz ni. Urtean pare bat aldiz haiek maite ditugun antza ematen dugu, baina nor gogoratzen da benetan baserritarrez? Esaten dugu ez garela astelehenetan azokara joaten lanean gaudelako, baina astelehen goizetan supermerkatuak bete egiten dira eroslez, Gernikako plaza ez bezala. Saihesbide berrian azpian erori dira baserri zaharrak, eta belardiak sasiak hartu ditu. Galtzen ari garenari erreparatzen ez badiogu, urtean lau urriko azken astelehen eginda ere, ez dugu lurretik eta lurrarentzat bizi ziren haien kontzientzia berreskuratuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu