Bira

Azeria

Onintza Enbeita
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Beti pentsatu dut gaztelania egokia dela emakumeei burla egiteko. Adibide asko daude, baina deigarrienak animalien izena erabiliz egiten diren burlak dira. Gaztelaniazko lobo otsoa da euskaraz, baina loba ez da otsanda bakarrik. Norbaitek loba deitzen badit, pentsatu behar dut ohera eraman nahi ditudan gizonak neuk aukeratzen ditudala eta hori ez dagoela ondo. Txakurra esan behar dutenean perro esaten dute espainolek, baina emakume bati sexua bereziki gustatzen bazaio, perra deitzen diote. Ez dut inoiz entzun gizon bati zentzu horretan perro deitu zaionik; ezta larrutan lau hankan egitea gustatzen bazaio ere. Gizonei perro deitzen dietenean beti da ondo zelan bizi badakitelako. Nik ulertuta neukanez, berdin gertatzen da azeriarekin ere. Zorro, gizon argia da, bizia, egoera zailetan ere zirrikituak aurkitzeko gai dena. Zorra emakume larruzalea da, edonorekin larrua jotzeko prest dagoena. Hori orain arte, jakina. Badirudi, aurrerantzean, norbaitek zorra deitzen badit egoerei aurrea hartzen dakien emakumea naizela. Une batez, nazka sentitu dut, baina zer nahi duzue esatea, orain hau esan duen epailea da orain dela urte batzuk Euskaldunon Egunkaria ixteko agindua eman zuena. Zer espero zenuten?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.