Bira
Bertsioak
Guk ez genuen ikusi, baina bertan izan zirenek kontatu digute zer gertatu zen. Eguerdi inguruan hegazkin bat agertu omen zen zeruan, eta hiru edo lau buelta egin ostean, joan egin omen zen. Gero, arratsaldeko laurak inguruan, hegazkin gehiago etorri ei ziren, eta orduan bai, orduan sirenak jo zuen, eta hegazkinak bonba hotsean hasi ziren. Astelehena zen; azoka eguna Gernikan. Jendea hasi zen korrika, eta gutxi batzuk bunkerretara heldu ziren, baina gehienek ahal zuten lekura egin zuten ihes, eta asko bidean gelditu ziren. Gainera, ihes egiten saiatzen zirenak metrailatu egin zituzten hegazkinetatik. Alboko herrietatik sua ikusten omen zen nahinon, eta gau hartan ez omen zen gaurik izan: Gernikako suarekin, argirik piztu gabe sartu omen zitekeen haria jostorratzaren begian. Hurrengo hiru egunetan ere, kea zerion herria izandakoaren hondakin erraustuari. Bertan egon ez zirenek esan zuten euskaldunak, errepublikazaleak eta gorriak izan zirela Gernika erre zutenak. Jakina, ez ziren bertan egon, Alemaniako lagunak bidali zituztelako eurek egin ezin zuten lana egitera. Eta 75 urte pasatu diren arren, egon ez zirenen baina zapaldu gintuztenen seme-alaben seme-alabek oraindik ere ez dute bertsio ofiziala aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu