Amaitu dira mitinak, telebista bidezko herritarren galdeketak, hautagaiek kalean buruz buruko harremanaren bila egindako pasierak. Adierazi bide dute beren borondatea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek, eta, horrenbestez, itzuli da bakoitza bere tokira: politikariak, alderdien eta erakundeen egoitzetan egosten diren estrategia eta marketin jokoetara; herritarren multzo lausoa, berriz, bere eguneroko zeregin lausoetara.
Eta ibiliko gara berriro elkarrekin zerikusirik ez bagenu bezala. Politikariek ez ikusiarena egiten digutela salatuko dugu herritarrok igogailu, kafetegi zein kiroldegietako solasetan. Entzungorrak direla, kristalezko kutxetan bizi direla. Are, gogotik larrutuko ditugu: inutilak, ezgauzak, aprobetxategiak, ustelak... Eta egotziko diegu gauza guztien errua: krisiarena, oporrak murriztu behar izatearena, auto ilarena, dendarik gabeko igande aspergarriena, Athleticen martxa eskasarena...
Ahaztuko dugu botoaren bidez onespena geuk eman geniela. Ahaztuko dugu eguneroko erabaki eta keinu xumeenen bidez politika egiten dugula —egunotan Xabier Gantzarainek argitu digun bezala—. Ahaztuko dugu zaborra geuk sortzen dugula. Zergak geuk ordaintzen baititugu, eta, beraz, kexatzeko eskubide osoko bezero baikara: herritar bainoago, bezero.
Bira
Bezero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu