Bira
Bidea
Euskal Herria inoiz ez da izan konkista handiak egin zalea. Gehiago izan dira gure lurra konkistatzen ahalegindu direnak Euskal Herriak zapaldu dituenak baino. Hala ere, gure herrian hasten diren bideek norabide bakarra dute, jendea ez baita bueltan etortzen. Gure herritik urrutira eraman zituztenek urteak daramatzate etxerako bidea aurkitu ezinda. Guk astebururo egiten dugu haienganako bidea autoz, autobusez, trenez edo hegazkinez. Errepideko marrak zenbatzen ditugu, sudokuak egin, irakurri, treneko tabernan garagardoak edan, Parisen esnatu, Cadizen loak hartu, Madrileko eskalestrian galdu, Almeriako hondartzara joan, Burgosen gelditu… eta, hala ere, luze egiten zaigu bidea. Liberen bideak 4 urte ditu, Maiterenak 28, Marijerenak eternitate bat Frantzian eta beste bat Espainian eta Pauleren bideak hiru norabide ditu. Urteak daramatzagu bidea egiten; urteak eta urteak. Kontua da harantzako bidea egin zutenentzat gero eta beharrezkoagoa dela honantzako bidea egitea. Ondarroarrek esaten zuten moduan, iparra galdu barik egin behar dugu bidea, baina ez dakit hegoaldera larregitan joan ez ote garen iparra begiak itxita aurkitzeko. Egin dezagun bidea, baina bueltakoa. Horrek bakarrik sendatuko digu egun batean eraman zizkigutenek utzitako mina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu