Bira
Bidesaria
Bizitza honetan gauza askotarako ordaindu behar izaten dugu bidesaria, dirutan ez bada ere: lana gustatzen zaigunean etxetik urrun izaten dugu, lana etxetik hurbil dugunean gutxiago ordaintzen digute, lantalde jatorrena daukagunean ez gaitu lanak betetzen, soldatarik onena daukagunean muturrak baino ez ditugu ikusten zortzi orduz... Hegoaldeko saihesbidea Euskal Herrian inoiz egin den azpiegiturarik garestiena da (AHTarekin batera). Herritar bakoitzari zenbat diru kosta zaigun kontuan izanda, orduak eta dirua aurreztu beharko genituzke Arrigorriagatik Santurtzira, baina ez; ez da hala izango. Ez dugu ordurik aurreztuko —lehendik ere ez delako hain tarte luzea— eta ez da doakoa izango. Garraiolariek Txorierriko saihesbidea erabiltzen jarraituko omen dute, ez dagoelako bidesaririk eta ez dutelako hainbeste denbora galtzen. Bidesari hau ere, Artxandako tuneletakoaren moduan, geuk ordaindu beharko dugu. Ez gara ziurrenez hegoaldeko saihesbidean asko ibiliko, baina bidesaritan ordaintzen ez duguna zergekin ordainduko dugu, eta garai lehorrotan beste gasturik ez balego legez, bidearen beharra asmatu dutenek beste bide bat asmatuko dute guk bidesaria ordaintzen jarrai dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu