Jesus Egiguren PSE-EEko presidente bakartuari aditu diot kanpainaren ezaugarrietako bat izan dela sozialistek kaleko ekitaldietan banatzen duten arrosa pasaerako jende guzti-guztiak jaso duela, abegitsu. Lehenago, eurenek bakarrik hartzen ei zuten; aldiz, herritar askok bekozko ilunez eta hitz txarrez erantzuten ei zioten lore eskaintzari. Egigurenen iduriko, ETAk armak utziz geroztik nagusitu den «bake eta elkarbizitza» aro berriaren adierazle da. Halaber, hedabide askotan ikusi dut Eusko Legebiltzarrerako kanpaina hau dela bakean egin den aurrenekoa, indarkeria eta mehatxurik gabekoa. Hain dira mozorrotzen errazak hitzak, esate baterako, bakea eta indarkeria...
Urtebete joan da ETAk armak utzi zituenetik, eta normaltasunaren kolore itsaskorrarekin margotu dugu bizimodua. Enbarazu egiten digu sufrimenduak, besteenak ez ezik, (ia-ia) baita geureak ere. Egia, urte gehiegi izan dira liskarrean, asaldatuta, elkarren kontra, eta merezi dugu lasaitasuna. Haatik, normaltasunez jantzitako bizimodu honen ertzetan asko dira oraindik bizi-bizirik dauden zauriak. Zornatu baino lehen helduko ote dio legebiltzar berriak min horiek behingoz orbaintzeko lanari... Presatuko ote ditugu herritarrok politikariak horretan buru-belarri aritzera...
Bira
Biharamuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu