Bira
Biharamuna
Kosta zait betiko kafetegira heltzea. Kristalezko zein plastikozko botilak ostikopetik kendu ezinda egin dut hiri erdirainoko bidea. Oinezkoentzat bakarrik diren kaleen hegaletan plastikozko eta kristalezko espaloi artifizialak egon dira, eta erditik ibili da jendea, burumakur. Kafea eskatu dut eta lotsa pixka bat eman dit atzo neu ere parrandan ibili nintzela onartzeak: lurrean egon den zikinkeria guztiaren ehuneko zero koma bost edo neuk botatakoa izango zen. Kale garbitzaileak izerditan ibili dira kale printzipalak garbitzen, eta betiko moduan, azkenerako utzi dituzte bazterrak. Taberna batzuek ez dituzte ohiko orduan zabaldu, eta eguerdian oraindik garbitu nahi eta ezinean ibili dira. Pertsiana azpitik plastiko eta kristal gehiago botatzen izan dute kalera zenbait lokaletatik, eta zabor biltzaileek ez dute kamioi bakarrarekin aski izan. Pintxoa jan eta kotxerantz noala, espaloian lo seko egon den mutil batekin estropezu egin dut, eta ez da konturatu ere egin. Standak batu dituzte, eta udaltzainek trafikoari itxitako kaleak zabaldu dituzte. Tabernariak pozik daude atzoko jendetzarekin eta jendea goiz oheratuko da gaur atzoko eta gaurko loak gau bakarrean egiteko. Bihar beste egun bat izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu