Onintza Enbeita
Bira

Bizkargi

2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Maiatzaren hiruaren hurrengo domekan izaten da. Urtero joaten gara Gorozikan gora, ogitartekoak eta logurea motxilan hartuta. Umetan eraman egiten gintuzten, baina, gero, bakarrik joaten ikasi genuen. Denborarekin ulertu genuen Burdinazko Gerrikoa zer zen, eta Bizkargin egiten den ospakizuna nor omentzeko eta nori eskertzeko den. Askotariko jendea igotzen da ermitaren inguruko zelaira, eta, ideia ezberdinak defendatzen ditugun arren, inori ez zaio gaizki iruditzen Espainiako militarren kontra altxatu zirenak omentzea. Badauka Bizkargik zerbait batu egiten gaituena. Iaz, beltzez jantzitako andra-gizonak izan genituen bisitari: norbaitek Bizkargiko egunari terrorismoa goraipatzeko asmoa ikusi ziolako. Hortzetaraino armatuta etorri ziren, autoz. Ez zuten Burdinazko Gerrikorik aurkitu, eta buelta egin zuten berriz ere beherantz. Edo, agian, aurkitu zutena burdina baino gogorragoa egingo zitzaien: zahar eta gazteak ospakizunetan, bertsolariak, meza, erromeria, jendea dantzan… lotsarik duenarentzat lotsagarria izan zen agertze hutsa. Gu aurten ere joango gara. Mendira urtean behin bakarrik joaten garenak kostata iritsiko gara, baina heldu helduko gara. Ez nuke bisitari arrarorik nahi. Historiarekin, izan zirenekin bat egin nahi nuke; uzten badigute, bake-bakean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.