Bira
Borroka
Lagun batek esan dit borroka pertsonala hasi duela EuskoTreneko txartel ikuskatzaileen kontra, eta sekulako grazia egin dit. Egunero hartzen du Bilboko Tranbia, eta berak ere ez daki zenbat aldiz etorri zaizkion ikuskatzaileak bidaia txartel eske. Hasieran ez zen konturatu, antza, baina ez dakit zenbagarrenean, ikuskatzaileari 'zer?' batekin erantzuten hasi zen. Orain arte, batek bakarrik aurkitu du 'zer?' horrentzat erantzun zuzena: 'txartela, mesedez'. Beste guztiek gaizki erantzun diote, gaztelania garbian: ez dizut ulertzen, ez dakit euskararik, emadazu txartela behingoan… nik barre egin diot borroka pertsonalaren kontu horri, baina gauez majo kosta zait lo egitea. Lanera autobusez joaten naizenetan, lo edo irakurtzen gehienetan, ikuskatzaileei zer esaten duten entzun ere egin gabe ematen diet txartela, euskaraz egin diezadaten eskatu gabe. Badakit oso gutxitan eskatu didatela euskaraz, eta garraio publikoko langileak dira, eta jendearekin harreman zuzena dute, eta euskara ulertu behintzat egin behar lukete. Argi dago borroka pertsonal gehiagori ekin behar diegula garraio publikoetako ikuskatzaile guztiak 'txartela, mesedez' esateko gai izan daitezen. Horretarako, baina, 'el billete, por favor' normaltzat hartzeari utzi beharko diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu