Udako arratsalde sargori bat bizitza oso bat zen umetan. Dena zen motela, dena zihoan geldo. Belarren mugimenduari begira egoten ginen: oraintxe eskuinera luzatzen, oraintxe ezkerrera, pendulu hipnotikoan. Eta txindurriei: bero saparekin gelditzen ez ziren bakarrak, ilara sosegatuan garraioan,oraintxe ogi apur bat, oraintxe hilda aurkitutako armiarmaren gorpuzkinak. Eta siesta derrigortuan sabaira begira: itzaletan argitzen zitzaizkigun marrazki bizidunekin liluratuta. Besterik gutxi, baina denbora genuen, nahi adina, nazkatzeko lain. Eta desira bizi bat ere bai: pasa zedila denbora bizkor, hazi gintezela laster, etor zedila abiaduraren kitzika.
Orain, baditugu beste hamaika mila gauza, baina denborarik ez —oporrak hasterako opor ondorenak estutzen gaitu—. Eta desira sakon bat: pasa dadila denbora motel, gera dadila guztia. Beraz, abiatu gara denboraren bila: jarri gara belarretara begira, baina dantza leun eta geldoan barik dar-dar urdurian mugitzen da orain. Txindurriak behatzen hasi, eta lehengo ilara patxadatsuaren lekuan eztanda kaotikoa lehertu zaigu. Sabaiko itzaletan ez da argitzen kolorerik, zurrupaka garamatzan zulo beltza baizik. Bizitza osoa udako arratsalde bat da orain.
Bira
Denbora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu