Dira, dira... Umeak ginela besteen kontrako erretolika abiatzeko arao baten modukoa zendira-ren errepikapena. Tontoak, txotxoloak, gaiztoak, lerdoak, itsusiak, astoak eta kasurik okerrenean idiotak eransten genuen atzetik. Besteak izan zitezkeen mutilak, beste gelakoak, beste ikastetxe batekoak, beste auzo batekoak, txikiagoak, kanpotik etorritakoak... hau da, gu ez ginenak. Eta haienak izaten ziren akats guztiak, gureak bertuteak.
Urteekin ikasi genuen jarrera hori leuntzen, gure erruak eta besteen dohainak onartzen, itxuraz bederen. Baina, funtsean, beti segitu izan dugu dira, dira-ka; alegia, besteak dira atzerakoiak, arrazistak, kontserbadoreak, matxistak, askatasun murriztaileak, errepresoreak, ingurumenaren suntsitzaileak. Geu, berriz, aurrerakoiak, berdintasun eta elkartasun-zaleak,askatzaileak, izaki guztien eskubideen babesleak... Hala diogu.
Baina hara non, azken udal hauteskundeen araberako geurik geureenetako batean, galdetzen hasi eta ezustekoa erantzuna: kantuan bezala Dira, dira, zezenak dira!, hots, geure buruari ezarritako tasun-en gainetik zezenak lehentasun. Agerian ispiluaren okerra!
Eta hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Zestoako plazan!
Bira
Dira, dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu