Onintza Enbeita
Bira

Dotore

2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Ezin da kongresura alkandora hutsean joan; are gutxiago alkandorako mahukak gorantz tolestuta badauzkazu. Bizkaiko Batzar Nagusietan, mozorrotzat hartzen da inolako arrazoirik gabe epaitzen dituzten lagunen aldeko kamisetak eramatea. Herriko Tabernan gaizki begiratzen digute goretexik ez daramagunoi, eta goizero eskolara txandalarekin doazen irakasle bakarrak gimnasiakoak dira. Lanera begi zuloekin noan aldiro, badago norbait makillaje markaren bat gomendatzen didana. Ezkontzetara takoiekin doazen askok grazia egiten didate goizaldean ibili ezinik dabiltzanean, eta gorbata eraman beharraren eraman beharraz trajea izorratzen duten gizonez zer esan! Dotore egon behar dugu, beti. Goazen lekura goazela, asmatu egin behar dugu zelan joan; eta ez da erraza. Metro bat eta hirurogei neurtzen badituzu, eta berrogei tailatik gora bazaude, praka guztiak luzeegi gelditzen zaizkizu. Bularretakoan ehun neurrira iristen bazara, XL kamisetek ere arnasa mozten dizute, eta mitxelinak badituzu, ahaztu zure neurriko niki normalak aurkitzeaz. Dotore egotea gustatzen zait, bi aldiz pentsatzen dut ze arropa jantzi etxetik atera aurretik, baina zin dagizuet neurri jakin batetik gora nahikoa lan badela ispiluarekin bakean bizitzea saltzen dizkiguten estereotipo eta prendekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.