Bira
Egun alu hau
Arazoa handitzen ari zela ikusi zutenean, egun bat jarri ziguten gure arazoari irtenbidea emateko. Komunikabideetan hildako emakumeak gehitu ahala, egun alua jarri ziguten: azaroaren 25a. Hasieran etxeko indarkeria deitu zioten, eta gero indarkeria matxista. Baina, betiko moduan, aludunon arazotzat hartu zen. Geure burua geuk hilko bagenu legez; heziketak, erlijioak eta gizarte egiturak zerikusirik ez balute legez. Eta, noski, nik ez dut gure kontrako indarkeriaren kontra egiteko egun bat nahi. Nik nahi dudana da nire alaben gizartean bikoteak hildako emakumerik ez egotea. Katolikoek esaten dute gizonaren saihetsetik sortu zela emakumea, eta milaka urte geroago, gizonek saihetsak apurtzen dizkigute kolpeka. Baionako alkateak minigonei botatzen die bortxaketen errua, eta, bakea modan badago ere, emakume askok sukaldeetan daukate gerra. Nola konponduko dugu gure kontrako indarkeria guztia egun alu batekin? Zakildunok ulertu beharko duzue aludunok ez garela zuenak, eta instituzioek hobe dute egun alu hauek utzi eta gizarte libreago bat osatzen laguntzea: zakil eta alu librez osatutako gizartea. Bakarrik orduan utziko ditugu egun aluak alu-egunak ospatzeko. Eta ordena baino gehiago aldatzen zaio hitzari horrela irakurrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu