Bira
Egunak
Beti ez naiz berdin jaikitzen. Batzuetan hobe izaten dut ez jaikitzea ere, baina jaiki egin behar denez, jaiki egiten naiz. Alkandora berrira botatako lehen kafetik, afalorduan jasotzen dudan dei desatseginera arte, ez zait ezer ganorazkorik gertatzen egun batzuetan. Goiz joaten naiz ohera halakoetan, hurrengo egunean guztia desberdina izango den itxaropenarekin. Eta gehienetan, hurrengo eguna desberdina izaten da: inoizkorik kafe gozoena egiten dut goizean, espero gabeko deiak jasotzen ditut, lagun zaharrekin topo egiten dut, behar nuen zera hori aurkitzen dut... kontua da ez dakidala zergatik diren desberdinak egunak. Edo, hobeto esanda, kontua da pentsatzen dudala egunak berdinak direla berez baina neu naizela aldarte hobea edo okerragoa izaten dudana. Egun guztiek dituzte 24 ordu, gehienetan lanera joaten naiz, izaten ditudan konpromisoak ere gutxi gorabehera antzekoak izaten dira, baina batzuetan lagun zahar batekin topo egitea erregalutzat hartzen dut eta besteetan astunkeria itzela balitz legez. Errutinak, baina, ez du derrigor txarra izan behar. Neu naiz egunak politak izatea lortu behar duena. Izango dudanaren esperoan egon gabe, dudanarekin gozatzen dudan egunetan, ez naiz nire buruarekin haserretzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu