Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Ehuna

2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Aspaldiko galderak indar berriz zabaldu zaizkigu parez pare: zer da herri bat, zer nazio bat? Zerk egiten gaitu herri? Zerk egituratzen du nazioa? Nola trinkotzen da herria, nola zedarritzen? Erantzunak, galderak adina: hizkuntzak, kulturak, elkarrekin partekatutako iraganak, lurraldeak, ohiturek, askitasun ekonomikoak, herritarren borondateak, jendearen izate sentimenduak... Edo osagai horietako batzuen nahasketak... edo guztienak. Jendeak, harremanak, botereak eta botere-harremanak argia baino lasterrago kiribiltzen diren mundu korapilatsu honetan ez da erraza erantzuten.

Batzuetan, gainera, ekintzek ematen dizkigute hitzek baino arrasto argiagoak. Adibidez, Frantziak, estatu modernoaren aita loriatsuak, ahalegin itzela egin du mendeetan Euskal Herria ezabatzeko: Euskal Herria badela ere ukatu egin du, eskualde, departamendu, egitura eta hizkuntza arrotzetan urtuz. Baina, begira, inoizko garairik globalenean, hipermoderno edo posmodernoenean, nortasunakT-shirtak bezala aldatzen ditugunean, 2012 honetan, Ipar Euskal Herriko jendarteak —UMPtik ezker abertzaleraino— indar berriz eskatu du lurralde elkargo bat, berezko egitura bat. Funtsean, herri izatearen oinarrizko aitortza; zehazki zer den esaten ez dakigun arren, mendeetan jendearengan harilkatuta iraun duen ehun batena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.