Onintza Enbeita
Bira

Erantzunak

2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Bertso Egunean kanpora atera zen zigarro bat erretzera, eta han gazte batzuekin berbetan egon ei zen. Ea Onintza Enbeitaren zenbatgarren printzea den galdetu ziotela esan zidan, nahiz eta guzti-guztia ez diodan sinesten. Barre egin nuen, «biluzteak hauxe dakar», pentsatuz. Bere ahora ekarri zuen gazteen galdera, eta zenbaki batekin erantzun nion. Galdera bera egin nion, eta zenbaki berarekin erantzun zidan. Badakit gezurra esan zidala, eta brometan genbiltzala, baina behin gezurra esatekotan, eskertuko nuen rankingean aurrerago jarri izan banindu. Nire pentsamenduaren erridikuluak, nerabekeriak, behinola entzun nuen txiste bat ekarri zidan gogora: mutil batek neska bati esan omen zion Eva deituko ziola aurrerantzean, bere ohean izan zen lehen emakumea bera izan zelako. Neskak, orduan, halako deklarazio baten aurrean derrigor erantzuteko beharrak eraginda, aitortu zion mutilari Peugeot deituko ziola aurrerantzean. Arrazoia zenbakian dago: 205. Ohitura txatxu samarra daukagu erantzunak aurretiaz jakinda ere galderak egiteko, baina errua ez dauka minik ez egiteko gezurra esaten duenak; are gutxiago, minik handiena eginda ere, egia esaten duenak. Errua, erantzuna gustatuko ez zaiola jakinda ere, galdera egiten duenak dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.