Bira
Erlijioa
Jesukristoren adinetik hurbilago nago hogeita hamabitik baino, eta ez dut ikasi. Jakin behar nuke honezkero ezin dela edozein gai edozein tonutan atera. Gai batzuen inguruan dugun iritzia gorde egin behar da nonbait; eta nik gorde ez. Kafe Antzokiaren aurrean marmarti betaurrekodun batek ondo deskribatu zuen lez, nire besaulkian jesarri lasai, eta idazteari ekin nion asteazkenean. Ez dakit zer pasatu zitzaidan burutik, baina Athletic zaleekin sartu nintzen. Eta orain futbolaren kontra hitz egitea cool-a omen denez, lagunak etsaitu egin zaizkit. Baina oso cool-a ez den norbaitek aspaldi esan zuen: gola zelaian, bakea lurrean. Nik ikusten nuena nola ulertzen nuen baino ez nuen azaldu, eta, hara, badirudi intelektualarena egiten hasi naizela orain. Bada, jakin ezazue gaur eta asteazkenean berdin pentsatzen jarraitzen dudala, eta prest nago edozein barra bazterretan nahi duenarekin eztabaidatzeko. Bart gauean mozkortu ziren lagunak mozkortu ez zirenen beste maite ditut, eta, marea hau pasatzen denean, berriro ere lasai hitz egingo dut haiekin futbolari buruz. Eta aurtengoz ere amaituko da liga, eta Real Madrileko zaleak Cibelesen ikusten ditugunean, «erotuta daude», esango dugu guztiok; bai atzo mozkortu zirenek eta bai mozkortu ez zirenek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu